500.000 euro gutxiago jasoko dituzte aurtengo ikasturtean udal euskaltegiek

'Nik maite dut euskara' kanpaina jarri dute martxan elkarrekin euskaltegiek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Erredakzioa
Bilbo
2012ko irailaren 22a
00:00
Entzun
30 urteren ondoren, kanpaina bateratua jarri dute martxan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal euskaltegien sarea osatzen duten 39 euskaltegiek lehen aldiz. Nik maite dut euskara da kanpainaren leloa, eta ikasleak euskara ikastera erakartzea ez ezik, euskaltegien arteko elkarlana sustatzea ere du xede. Durangon (Bizkaia) aurkeztu zuten atzo kanpaina. Garai zailak bizitzen ari direla nabarmendu zuten udal euskaltegietako arduradunek. «500.000 euro gutxiago jasoko ditugu aurten diru laguntzetan, Jaurlaritzak bertan behera utzi ditu ikasturtea gainditzeagatik ikasleentzako diru laguntzak, etaegiaztatzeari buruzko dekretuaren ondorioz B2 eta C1 mailetako ikasleak guztiz gal ditzakegu», azaldu zuten udal euskaltegietako ordezkariek.

Zailtasunak izan arren, berretsi dute orain arte bezala jarraituko dutela lanean: «Guk gureari eutsiko diogu: udal euskaltegien arteko sarea osatzeari, ikasleei euskaraz ikasteko bideak errazteari; ikasleek euskara gehiago erabiltzeko ahaleginak egiteari...».Uste dute asko direla elkarlanean landu ditzaketen alorrak, eta horregatik jarri dute abian kanpaina: «Publizitatea, webgunea, lan poltsa, finantzaketa, lan baldintzak; arlo didaktikoko hainbat kontu... Ezinbestean landu beharreko gauzak dira; betiere, asmo nagusi batzuk buruan izanda: ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzea ikasleei, eta harremanik eraginkorrenak sortzea teknikarien eta arduradun politikoen artean».

Euskara erabiltzeko ingurune eta baldintza egokiak sortzeko beharra defendatu dute. «Familia transmisioak, eskolak eta euskaltegiek euskalduntzen dute, baina gizarte espazioek, erdaldundu». Erabiltzen den euskara kalitatezkoa izatea ere ezinbestekoa iruditzen zaie. Hizkuntz politika berrien eta eraginkorragoen alde egin dute. «Normalizazio prozesu bat ez da mugagabe».

Bestalde, Nafarroako euskaltegietan euskara ikasten ari direnak has daitezke laguntzak eskatzen udaletan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.