502 milioi euroren laguntzak jasoko ditu Nafarroako landa eremuak 2013a bitartean

Dirua banatzerakoan lehentasuna industriak eta ekoizle handiek izatea gaitzetsi du EHNEk

joxerra senar
2007ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Europako Nekazaritza Politika Bateratu ezagunak bi adar ditu: laguntza zuzenen erregimena eta landa garapena. Lehenaren kudeaketa Europako Batzordeari berari dagokio, bigarrena Europako eskualde bakoitzak berea garatzeko marjina du. Nafarroari dagokionez, foru hauteskundeetarako bi aste falta direnean, 2007tik 2013rako landa eremurako laguntzak nola eta zenbat banatuko diren jada zehaztu du Nafarroako Gobernuak. Zazpi urteko epe horretan 502 milioi euroko aurrekontua izango du horretarako: horietatik 112 milioi euro Europako Batasunak jarriko ditu eta beste 390 milioi euroak Nafarroako Gobernuaren beraren esku egongo dira.

Atzo onartu zuen Nafarroako gobernu kontseiluak 2007tik 2013 ra bitarteko Landa Garapenerako Programaren aurrekontua. Aurrekoarekin alderatuta, 200 milioi euro gehiago bideratuko dira sektorera. Dena den, oro har Europako Batasunak Nafarroara bideratutako laguntzak gutxitu egin dira.

Izan ere,laguntzak herrialdearen errentaren arabera banatzen dira, eta, hortaz, EBn 12 herrialde gehiago daudenetik, Nafarroaren eta EAEren batez besteko errenta maila handitu egin da. Europako laguntzen murrizketa konpentsatzeko, Espainiako Nekazaritza Ministerioak bere gain hartu du planen finantzaketa Gaztelan, Andaluzian, Extremaduran... Hego Euskal Herrian, berriz, foru ogasunek hartuko dute bere gain gastua. Nafarroaren kasuan laguntzok ez dira behin betikoak. Sei hilabeteko epea du orain Europako Batzordeak horiek onartzeko.

Jon Huizi EHNEko teknikariak nabarmendu du «dudarik gabe» hauteskunde kutsua duela atzo onartutakoak. Izan ere, Gobernutik EHNEri otsail hasierako egitasmoa «itxita» zegoela erantzun zioten. Nekazaritza sindikatuak abenduan kexu agertu zen plan horren eztabaida berandu hasi zuelako exekutiboak eta denbora laburra zutelako ekarpenak egiteko. Orain Huizik kritikatu egin du euren ekarpen gutxi hartu direla kontuan.

Izan ere, sektoreari begira, Landa Garapenerako Programa garrantzitsua da, Gobernuei tartea eta malgutasuna ematen dielako indarrak eta inbertsioak nora bideratu erabakitzeko. Horregatik, EHNEk gaitzetsi du Nafarroako Gobernuak elikagai industria eta ekoizle handiak izan dituela buruan batez ere diru banaketa egiterakoan. «Nafarroako Gobernuaren apustua Itoitz eta Nafarroako ubidea direnez, finantzaketa leku horretara bideratu dute», gaineratu du Huizik. Huiziren aburuz, Nafarroako Gobernuak «lehia eta produktibitatea» helburu duen produkzio sistemaren alde egin du.



GAZTEEI LAGUNTZA GEHIAGO. Aldiz, Nafarroako mendialdea galduan ateratzen dela uste du EHNEk. Horrekin batera, nekazaritzaren erronka nagusietakoa sektorearen gaztetzea dela deritzo: «Gaztetu beharra dago». Laborari gazteak sektorean ezartzeko laguntzak 23 milioi eurotan zehaztu dira, baina, Huiziren arabera, kopuruok «lauzpabost aldiz» handiagoak izan beharko lirateke. Horrekin batera, sektorean ezartzeko gazteei «hainbeste zailtasun» ez jartzea iradoki du.



Landa garapena 2007/13

LAGUNTZA MOTA GASTU PUBLIKOA

Gazteentzako laguntzak 23,16

Erretiro aurreratuak 10,4

Ustiapenen modernizazioa 81,2

Ustiapenen aholkularitza 3,4

Basogintza 80,1

Basoen balio ekonomikoa 1,5

Balio erantsiaren hobekuntza 145,2

Mendialdean konpentsazioak 25

Gutxien lagundutako guneak 8,7

Basoen garapen iraunkorra 26,7

Basoen inguruko besteak 14,7

Ingurumen laguntzak 43,7

Landa eremua 15,4

LEADER laguntzak 23,8

GUZTIRA 502,23

Diru kopurua milioi eurotan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.