EUSKAL PRESOAK

52 euskal presoren senideek kexak bidali dizkiote Frantziako Eskubideen Defendatzaileari

Dispertsio politikak senide eta gertukoengan sortzen dituen arazoen berri eman dute bertan. "Giza eskubideen urraketak" salatu dituzte eta "senideekiko lotura afektiboa mantentzeko dituzten zailtasunak" nabarmendu.  Frantziako espetxeetan sakabanatuta dauden 52 presoren senideek pausatu dituzte kexak.

Etxerat ekarteko kideak, gaur, Hendaian egindako agerraldian. BOB EDME
2017ko azaroaren 4a
00:02
Entzun

Etxerat elkarteko kideek Hendaian (Lapurdi) egindako agerraldian jakinarazi dutenez, 52 euskal presoren senideek kexak bidali dituzte Frantziako Eskubideen Defendatzailearen Bulegora. Dispertsio politikak senide eta gertukoengan sortzen dituen arazoen berri eman dute bertan, besteak beste. "Giza eskubideen urraketak" salatu dituzte eta "senideekiko lotura afektiboa mantentzeko dituzten zailtasunak" nabarmendu. 

Preso gehienek Mont de Marsan edo Lannemezango espetxeetara hurbiltzeko eskaerak eginda dituztela gogorarazten da kexa horietan, baina Parisko gobernuak ez duela ezer egin urruntzeak senideengan eta lagunengan sortzen duen "egoera gogorra" konpontzeko.

Egin beharreko bidaia "luze eta nekagarriak" aipatzen dituzte euskal presoen senideek, eta adineko gurasoek horren bidaia luzeak egiteko dituzten "zailtasunak" nabarmendu.

Atal berezi da osatu dute adin txikiko umeekin. Azaltzen dute ume horiei bidaiak "are gogorragoak" egiten zaizkiela eta askotan eskola egunak galdu behar izaten dituztela espetxean dituzten aita edo ama bisitatzera joateko. Haurren Defentsatzailearen Bulegora bidera dituzte zazpi kexa, zazpi kasuren berri emanez.

"Sakabanatzearen ondorioz egin behar diren bidaia luzeek presoen senitartekoen eta lagunen inguruan tentsioa, akidura, zama fisikoa eta psikikoa sortzen dituzte, adin txikikoen eta pertsona adinduen neke eta oinazeak esponentzialki biderkatuz", nabarmendu dute Etxerat elkarteko kideek.

Gauzak horrela, Etxerat, Sare eta Bagoaz elkarteek deituta azaroaren 16an egingo den espetxeetako itzulian parte hartuko dutela jakinarazi dute, eta abenduaren 9an Parisen egingo den mobilizaziora deitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.