55 urtez gorako herritarrak txertatzen hasi dira Ipar Euskal Herrian

AstraZenecaren edo Johnson & Johnsonen txertoa jarri ahal izango dute. Pfizer eta Moderna txertoen bigarren dosirako epea luzatu dute.

Hendaiako (Lapurdi) txertaketa gunea. Artxiboko irudia. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko apirilaren 12a
10:30
Entzun

Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak atzo iragarri zuen gaurtik aitzina txertaketa kanpaina hedatuko dutela. Hala, 55 urtetik gorako edozein herritarrek jartzen ahalko du koronabirusaren kontrako txertoa. Oraingoz, AstraZenecaren eta Johnson & Johnsonen txertoak jar ditzakete 55 urtetik gorakoek. Izan ere, Veranek segurtatu du Johnson & Johnsonen txertoaren 200.000 dosi eskuratuko dituela Frantziak, gaur bertan.

Bestalde, Pfizer eta Moderna txertoen kasuan, bi dosien arteko tartea luzatzea deliberatu du Veranek. Orain arte, 28 eguneko epea uzten zuten osasun langileek bi dosien artean; oraindik aitzina, berriz, 42 eguneko epea utziko dute. Veranek segurtatu du txertaketa kanpaina bizkortzea ahalbidetuko duela erabaki horrek, immunitateari «kalterik egin gabe».

AstraZenecaren txertoa 55 urtez gorako herritarrek jar dezakete soilik, Frantziako Aginte Gorenak gomendatu duenez gero. Txerto horren lehen dosia jarri duten 55 urtetik beherako herritarrek —osasun langileak dira gehienak—, beraz, ezingo dute bigarren dosia jarri. Veranek esan du Pfizer edo Moderna txertoarekin ordezkatuko dutela bigarren dosia, lehena jarri eta 12 astera.

Gainera, Frantziako Osasun Ministerioak agiri baten bidez jakinarazi du immunodepresioa duten pertsonek RNA mezularitza bidezko txertoen hirugarren dosi bat ere jarri beharko dutela. Hirugarren dosi hori bigarrena jarri eta lau astera jartzea gomendatu dute. Epe hori gainditu duten pazienteek «ahal bezain fite» jarri beharko dute.

Autoprobak salgai

Veranek atzo iragarri zuen, bestalde, autoprobak salgai izanen direla gaurtik goiti. Ipar Euskal Herriko herritarrek farmazietan eskuratzen ahalko dituzte. Sei euroko kostua izango dute maiatzaren 15era arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.