Bukatu da Eusko Jaurlaritzarekin batera urriaren 25ean Gernikako Estatutuaren 30. urteurreneko ekitaldian parte hartzeko izen-ematea, eta 586 herritar apuntatu dira, Jaurlaritzaren beraren arabera. Ia hiru asteko kanpaina egin dute.
Ajuria Enean (Gasteiz) izango da ospakizuna, eta Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak ehun herritarrekin ospatu nahi duela esana zuen. Zozketa egin dute 586 horien artean. Guztira 50 gonbidapen zozketatu dituzte, irabazle bakoitzarentzat bina. Hala ere, horietako norbaitek ekitaldira joateari uko egiten badio, hogei zenbaki gehiago ere zozketatu dituzte hutsune horiek betetzeko.
Herritarrez gain, erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariak ere izango dira igandeko ekitaldian. Jaurlaritzak jakinarazia duenez, Lopezek Estatutua goretsiko du, eta dena betetzeko ere eskatuko du -40 bat eskumen falta dira jasotzeko; 1979an onartu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Estatutua-.
politika
586 herritarrek eman dute izena Gernikako Estatutua ospatzeko ekitaldirako
Igandean izango da 30. urteurrenaren ospakizuna, Ajuria Enean, eta ehun lagun hautatu dituzte, zozketa bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu