Espainiako Gobernuak eta auzitegiek ez dute amaitu nahi duela zazpi urte hartutako ibilbide iluna. Luzamenduetan ibiltzeko asmoa iradoki dute. Aukerak, ordea, ez dira asko. Hona hemen doktrinaren sorrera, garapena eta etorkizuna ulertzeko gakoak:
Zer da 'Parot doktrina'?
Espainiako Auzitegi Gorenak 2006an ebatzitako 197/2006 sententzian abiapuntua duen irizpidea da. Unai Parot presoari kaleratze eguna iristen ari zitzaiola eta, presoa espetxean mantentzeko neurria hartu zuen Gorenak, ordura arteko irizpidea aldatuta. 1973ko Zigor Kodearekin zigortutako pertsonek 30 urte egin ditzakete espetxean gehienez, legez. Muga horri Zigor Kode hark ematen zituen espetxe onurak ezarrita, urtetan murrizten zen espetxealdia. Hori saihesteko, onurak ezartzeko beste modu bat jarri zuen martxan Gorenak: espetxealdia 30 urteko mugari murriztu ordez, onurak presoaren zigor bakoitzari ezartzeko agindu zuen auzitegiak. Espetxealdiak egun batetik bestera nabarmen luzatzea ekarri zuen horrek: 30 urteak osorik betetzea, kasu askotan. Iñaki de Juana kaleratu ez zedin egin zuten lehen saioa, onurak ezabatzen ahaleginduta. Ez zuten lortu, eta Paroten kasua hartuta ezarri zuten irizpidea, kaleratze eguna ezarri gabe zuenean.
Araua indargabetu da?
Doktrina ez da lege bat, irizpide bat baizik. Beraz, ez da arau bat indargabetzeko agindu. Zigorrak ezartzeko modua da atzera bota dena. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez du irizpidearen funtsa aztertu, doktrina hori zuzenbidearen arauak beteta ezarri ote den baizik. Ezetz erabaki du, aurrez Estrasburgoko Sala Txikiak ebatzi zuena errepikatuta: doktrinak Giza Eskubideen Europako Itunaren 5. eta 7. artikuluak urratzen dituela; askatasunerako eskubidea eta segurtasun juridikorakoa, alegia. Zehazki, atzerako eraginaren printzipioak du oztoporik handiena presoei doktrina ezarri zaien moduak: gerora gogortu zaie zigorra. Delitu bat egin duena delitua egin zuenean indarrean zegoen araudiarekin epaitu behar da, legez. Egingo duenak zein ordain ekarriko dion jakiteko eskubidea da horren oinarria: segurtsun juridikorakoa. Zigorra ezartzeko irizpidea aldatuta espetxealdia urtetan luzatzeak, praktikan, esandakoa baino zigor handiagoa betearaztea dakar. Delitua egin zen unean espero zitekeena baino zigor handiagoa jasotzea. Hori ez da bateragarria nazioarteko zuzenbide arauekin.
Betearazlea da epaia?
Bai, Espainiak derrigorrez bete beharrekoa da. Ez du helegiterik aurkezteko aukerarik ematen.
Espainiak bete ezean?
Europako Batasuneko Ministroen Batzordeak Estrasburgoren epaia betetzen dela ziurtatzeko beharra dauka. Gobernuz kanpoko hainbat erakundek batzorde horretara txostenak bidal ditzake estatuak epaia betetzen ez duela ikusten badu. Espainia zigortzeko ahalmena ere badu Estrasburgok, bere epaia betetzen ez badu. Izan ere, Giza Eskubideen Europako Ituna sinatu duen estatua izanik, bertan jasotako arauak bere legetzat ditu Espainiak. Hala ere, zehaztu gabe dago zer-nolako zigorra jaso dezakeen.
Nori eragingo dio?
Epaia Ines del Riori buruzkoa izanik, hari eragingo dio zuzenean lehenik. Baina ez hari bakarrik. Estrasburgok teoria oso bat gainbehera bota duenez, irizpide bera ezarrita daukatelako espetxean mantentzen dituztenak ere askatu beharko dituzte. Del Rio azken zazpi urteetan kartzelan legez kontrako irizpideen ondorioz izan dutela ebatzi denez, irizpide berarekin inor preso mantentzea eskubideak urratzen jarraitzea litzateke.
Guztira 60 dira doktrina ezarri ez balitzaie dagoeneko kalean egongo lirakeen euskal presoak: EPPK-ko 56 eta Langraitz bideari heldu dioten lau. Horiez gain, GRAPOko zazpi kide, Galiziako Exercito Guerrilleiro do Pobo Galego Ceibe taldeko bat, GALeko bat eta 13 preso arrunt askatu beharko dira, Espainiako Barne Ministerioaren datuen arabera.
EPPK-ko beste 16 presori aurrerago eragingo die Estrasburgoren epaiak. Horiek ere ezarria dute doktrina, baina oraindik ez dute bete irizpidea ezarri gabe bete beharreko zigorra. Beste 22ri ere ezarri zitzaien doktrina, baina kalean daude dagoeneko. Gainjarritako espetxe urteak ere bete zituztelako asko, eta diligentzia arrazoiengatik besteak.
Noiz askatuko dituzte?
Del Rio gaur bertan kalera dezakete. Auzitegi Nazionalak eman behar du agindua, eta gaia aztertzeko ezohiko plenoa iragarri du gaurko. Baina ostiralean hasiko da argitzen doktrina ezarria duten gainontzeko presoen kasuan nola jokatuko duen. Ordurako zuen ezarria hurrengo ohiko saioa Auzitegi Nazionaleko plenoak, eta hura da erabakiak hartu behar dituena. Hainbat aukera ditu: batetik, erabakia ofizioz gauzatu eta presoak zuzenean askatzea litzateke naturalena. Baina, bestetik, erabaki dezake abokatuek eskaerak banan-banan egin arte urratsik ez egitea. Badirudi azken bide horri helduko diola.
Orduan, abokatuek berehala egingo lituzkete eskaerak, gero, Auzitegi Nazionalak plenoan erabakitzeko. Del Rioren eskaeraz gain, Antton Troitiñori dagokiona ere egina dute dagoeneko. Gainontzekoak askatzeko eskaerak "datozen ordu eta egunetan" egingo dituzte. Kasu bakoitza banan bana aztertzeko asmoa du auzitegiak. Horrek, preso batzuen kaleratzea hilabete batzutan atzera lezake.
Auzitegiek muturreko bideari helduko baliote, oraindik luze jo dezake hainbaten espetxealdiak. Espainia Europaren aurrean oso agerian geratuko litzateke, eta nazioarteko diplomazian bidesari handiegia ordaindu behar izateko arriskua sortuko litzateke. Abokatuen eskaerei Espainiako auzitegiek ezetz erantzutea litzateke aukera hori; helegitea Auzitegi Nazionalean jarria duenari auzitegi horrek ez duela askatuko esatea; Gorenera jo behar izatea, eta horrek ere ezezkoa ematea. Auzitegi Konstituzionalean amaituko litzateke bide hori. Hark agintzea preso horiek ere askatzeko, banan-banan. Izan ere, Europako Giza Eskubideen Auzitegira joatea da hurrengo urratsa, eta Estrasburgok dagoeneko ebatzi du jurisprudentzia ezartzen duen epaia igorrita. Beraz, Espainiako auzitegiek oso zaila lukete kaleratzeei ezezko borobila ematea eta berriro hara jotzea. Baina Konstituzionalera arteko bide osoa egiteak asko atzera ditzake kaleratzeak.