Tortura amaitzetik urruti dago, eta gora egin du azken urtean. 63 euskal herritarrek salatu zuten, iaz, ertzainen, Espainiako polizien eta guardia zibilen eskuetan atxilotuta egonik torturak jasan izana; 2009an baino 18 pertsona gehiagok. Torturatutako guztiak inkomunikazio egoeran zituztela torturatu zituzten. Ondorioa zalantzarik gabea da TAT Torturaren Kontrako Taldearen hitzetan: «Inkomunikazioa eta tortura eskutik doaz».
82 euskal herritar atxilotu zituzten iaz hiru polizia indar horiek, Espainiako Auzitegi Nazionalaren esanetan, ETArekin lotutako operazioetan. 82 horietatik 78ri ezarri zieten inkomunikazioa, eta horietatik 63k salatu zituzten torturak.
Torturatu gehiago, eta hainbat aldaketa ikusi ditu TATek iaz gertatutakoa aztertzeko orduan. Ertzaintzarengan «jarrera aldaketa» atzeman du. 2008an inork ez zuen Ertzaintzaren esku torturak jasan izana salatu, eta 2009an tortura salaketa bakarra izan zen. Iaz, berriz, 14 inkomunikatu zituen, eta horiek guztiek salatu zuten torturak jasan izana.
Azken urteetan ikusten ari den bide berri batek ere bereziki kezkatu du TAT: «Salatzaileak salatzeko oso bide arriskutsua irekitzen ari da». Azken kasua gogorarazi du Lorea Bilbao abokatuak: iaz, Ondarroa inguruan egon zen polizia operazioan Ertzaintzak atxilotu zituen bederatzi lagunek torturak jasan zituztela kontatu zioten Alfontso Zenon abokatuari. Zenonek prentsaurrekoa eginda eman zuen horren berri, eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak kereila aurkeztu zuen abokatuaren aurka. «Nola da posible torturak salatzen dituztenak salatzea eta torturak ikertu ere ez egitea?», esan du haserre Ituiñok.
Hain zuzen, tortura salaketak inolako ikerketarik egin gabe artxibatu egiten direla salatu du Bilbaok. Hala ere, iaz torturengatik bi epaiketa egin zirela poztekoa dela adierazi dute bi abokatuek, azken hamarkadan ez baitzen halakorik gertatu.
Eta pozteko moduko albiste gehiago ere izan direla diote: ofizioko abokatu batzuk jarrera aldatzen hasi direla. Ikusten dituzten tortura markei ezikusia egin ohi dieten arren, iaz, ofizioko bi abokatuk kexa agertu zuten atxilotuen egoera ikustean, eta torturapean egindako deklarazioak sinatzeari uko egin zioten.
Bestalde, bi auzitegik tortura salaketak ikertu ez izana salatu dutela azaldu dute: Estrasburgok Espainiako Estatuaren aurka egin zuela hargatik, eta Espainiako Auzitegi Gorenak ikerketa gabeziagatik defentsarako abokatuen helegite bat onartu zuela.
Edozein moduz, tortura amaitzeko neurri zehatzak hartu behar direla ohartarazi dute: «Agintari politikoek torturaren existentzia aitortzea» da neurri bat. «Berriro gertatuko ez dela bermatzea», bigarrena. Horretarako, inkomunikazioa amaitzeko, eskubideak murrizten dituzten arauak zein Auzitegi Nazionalaren eskumenak desagertzeko eskatu dute, besteak beste. Eta, hirugarrenik, torturatutakoen duintasuna berreskuratzeko, tortura kasu guztiak era eraginkorrean ikertu eta epaitu behar direla adierazi dute.
Euskal eragile politiko, sindikal eta sozial gehienek neurri horien alde egin eta torturaren aurka lan egiteko konpromisoa hartu zuten urrian. Bide horretan, elkarlana areagotzeko eskatu die TATek eragileei eta herritarrei. Izan ere, haren ustez, gizarteak presio egiten badu aldatuko du jarrera Espainiako Estatuak, eta hori egitea «ezinbestekoa da».
«Nola edo hala amaitu behar da tortura, baina are gehiago aro berri honetan», esan du Ituiñok. Konponbidea etorriko bada, Espainiako Gobernuak tortura erabili duela onartu, praktika hori erabat amaitu eta erreparazioa landu beharko duela ohartarazi du.
63 herritarrek salatu zituzten torturak iaz, 2009an baino hemezortzi lagun gehiagok
Eragile politiko, sindikal eta sozialei eta herritar guztiei tortura amaitzeko elkarlana areagotu dezatela eskatu die TATekKonponbiderako, Espainiak jarrera aldatu eta egindakoa onartu beharko duela dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu