Osakidetza gaur hasi da 65 eta 69 urte arteko herritarrei COVID-19aren aurkako txertoa jartzeko ordua ematen, SMS mezuen bidez. AstraZenecaren txertoa hartuko dute. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bihar jasoko ditu botika etxe horrek egindako txertoaren dosi gehiago.
Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak atzo jakinarazi zuen AstraZenecaren txertoaren 1,68 milioi dosi jasoko dituztela aste honetan, baina ez zuen esan horietatik zenbat jarriko dituzten Jaurlaritzaren esku.
Bestalde, Osasun Publikoaren Batzordeak bilera bat egingo du bihar erabakitzeko ea AstraZenecaren txertoaren bigarren dosia jarri behar dieten 60 urte baino gutxiagoko herritarrei. Europako Medikamentu Agentziak adierazi zuen txertoa «segurua eta eraginkorra» dela, eta hari lotutako tronbo kasuak «albo ondorio bakanak» direla. Dena dela, Espainiako Gobernuko osasun agintariek erabaki zuten oraingoz ez jartzea bigarren dosirik 60 urtez beherakoei.