65.000 hautagai, 1.500 lanpostutarako

Osakidetzak azken urteetan deitutako lan eskaintza publiko handieneko probak hasiko dituzte gaur

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
«Azterketa masibo» izendatu ditu Osakidetzak berak. EAEko osasun sistema publikoan 1.493 lanpostu betetzeko lehian parte hartuko dute 64.908 lagunek gaur, bihar eta etzi. BarakaldokoBECen (Bizkaia) egingo da azken urteetan Eusko Jaurlaritzak deitutako lan eskaintza publikorik handiena. Julian Perez Gil Osakidetzako zuzendari nagusiak atzo adierazi zuenez, «enplegu publikoaren aldeko apustua» egin du gobernuak: «Enpleguari egonkortasuna emanez, osasun arretaren kalitatea ere hobetuko dugu».

Lanpostu eta parte hartzaile kopuruen handitasunarekin bat datozen hainbat datu utzi ditu lan eskaintzak. BECeko hiru pabilioi hartuko dituzte probek; 50.000 metro koadroko azalera erabiliko dute, 72 zonatan banatuta, eta lau edoskitze gunerekin; 120.000 azterketa orri eta 72.000 koaderno izango dira erabilgarri; 17.000 aulki alokatu dituzte, eta mahaiak prestatzeko taulekin hamasei kilometroko lerro zuzena osa daiteke. Gaur 17:00etan hasiko da lehen etsamina, baina bihar izango da egun jendetsuena, 40.000 ikaslerekin; Bilboko Metroak zerbitzuaren maiztasuna handituko du. Osakidetzako larrialdi zerbitzuek ere anbulantzia bat izango dute uneoro BECen.

Erizain, erizain laguntzaile, administrazio langile, administrazio laguntzaile, zerbitzuetako langile eta zaintzaile jardun nahi dutenek egingo dute azterketa egunotan. Erizaintzan dago plaza gehien (705), baina zaintzaileen probak izango du hautagai gehien (16.484). Lautik hiru emakumeak dira; izatez, kategoria guztietan gizon baino andrazko gehiago daude.

Eta azterketetan parte hartuko duten 65.000 lagunetatik 10.000 inguru Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo helduko dira. «Tamaina honetako lan eskaintza publikorik antolatu duen Espainiako erkidego bakarra gara», azaldu du Gilek. Izan ere, iaz beste sei erkidegok baino ez zuten oposiziorik antolatu, eta bakar batek ere ez zituen 450 postu baino gehiago eskaini.

Jaurlaritzak iaz antolatutako oposizioen bloke nagusia osatzen dute asteburu honetako azterketek, baina ia beste mila postu eskaini ditu deialdi berean. Hain justu, 40 espezializazio mediko eta teknikoko 631 lanpostu betetzeko etsaminak egin zituzten abendutik martxora bitartean, eta 300 postu eskuratzeko azterketak egingo dira uztailean. Guztira, 2.600 lanpostutarako 85.000 hautagai daude.

Postu publikoak «egonkortzeko» Osakidetzak 2009tik egindako prozesuaren barruan kokatu du Gilek lan eskaintza hau. «Egiturazko arazoak» konponduko dituela ziurtatu du, gabeziak zituzten kategorietan eragingo duelako; zehazki, pediatra, erizain eta erradiologo faltarekin azken urteetan sortutako kezkaz jardun da. «Segurtasun kliniko handiagoa eta diagnostiko hobeak ekarriko ditu, langileak egonkor egongo direlako eta esperientzia gehiago izango dutelako», gaineratu du Osakidetzako buruak.

Euskarak, pisu gutxi

Hala ere, aurkariak izan ditu lan eskaintza publikoak. Sindikatuak aurka agertu izan dira: postu gehiago nahi dituzte, baita euskarari pisu handiagoa ematea ere. «Euskara beti bezala baloratuko da», berretsi zuen atzo Tomas Mendoza Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariak.

Puntuazioaren %10 hartuko du euskarak: 198 puntutik hemezortzi. Azterketaren 100 puntuez gain, antzinatasunaren bidez 45 puntu lor ditzakete, eta trebakuntzaren bidez, berriz, 35. Mendozak aditzera eman du hainbat hautagaik nota altuak lor ditzaketela, hautagaietako askok esperientzia kreditatu ahalko dutela eta, beraz, euskara «erabakigarria» izan daitekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.