Babesa, ardura eta konpromisoa. Horixe eskatu diete Nafarroako euskal hedabideek Nafarroako Parlamentuko kideei, eta babes hori gauzatzeko, aurrera egin ahal izateko, 650.000 euroko diru saila galdegin dute. Euskal hedabideen izenean, Topaguneko zuzendari Oskar Zapata eta Bierrik Fundazioko Ainhoa Urretagoiena Parlamentuko Hezkuntza Batzordeko ordezkarien aurrean agertu ziren atzo, haien egoeraren berri emateko, Nafarroa Baik, Bilduk eta Ezkerrak eskatuta. Izan ere, Nafarroako 2012ko aurrekontuen proiektuan diru sailik ez da aurreikusten haientzat. Euro bakar bat ere ez. Egoera horrek hedabideok desagertzeko bidean jartzen dituela, eta ondorioz euskal hiztunak baztertzen dituela salatu dute Zapatak eta Urretagoienak parlamentuaren egoitzan. Arazoari aurre egiteko, eta euskal hedabideen egoera egonkortzeko lankidetza hitzarmenaren alde lan egiteko prest ote diren galdetu diete, zuzenean, parlamentariei.
Euskal hedabideetako ordezkariek, haien agerraldia eskatu zuten alderdien babesa baino ez dute jaso. Gobernuan diren UPNko eta PSNko ordezkariek elkarlanerako proposamenari ezezkoa eman diote. Zehazkiago erranda, Zapatak eta Urretagoienak mahai gainean jarritako datuei eta arazoa konpontzeko aipatutako aukerei buruz erantzun zuzenik ez dute eman. Krisia bilakatu dute argudio nagusi, zero eurokoa den saila ez handitzeko. Euskarazko hedabideek, ordea, gehiago behar dute. 650.000 euro, zehazki. Horixe eskatu du Zapatak parlamentarien aurrean, euskarazko hedabideentzat. 2012ko aurrekontuetan ia bi milioi eta erdi euroko saila proposatzen da Canal 6, Canal 4 eta Popular TV kateentzat Kultura, Turismo eta Erakunde Harremanetarako Departamentuaren barruan. Sail hori bertze modu batera banatzea, eta diru horretatik 650.000 euro euskarazko hedabideei ematea proposatu du Topaguneak. Euskarabidea erakundearen aurrekontutik 250.000 euroko saila eskatu du, gainera, euskarazko kultur jarduerak sustatzeko. 2012rako oraingo aurrekontua 10 eurokoa da.
UPNko eta PSNko ordezkarien artean ez dute harrera berorik izan proposamen horiek. «Ez zarete diru eske etorriko diren bakarrak izanen. Aurrekontuak ez ditugu gustuko, baina errealitatea hau da. Ez dago dirurik», erran du UPNko Carmen Gonzalezek, eta gaineratu du UPNren hizkuntza politikak alderdi horri botoa ematen dioten herritarren babesa izan duela azken hamabost urteotan, alderdiak agintean daraman denboran alegia. «Hori da dagoena», erantsi du PSNko parlamentari Pedro Rasconek, eta lanean jarraitzeko eskatu die euskarazko hedabideetako ordezkariei. 2009. urtean Nafarroako Gobernuari euskarazko hedabideekin lankidetza hitzarmena sinatzeko eskatu zion Nafarroako Parlamentuak, eta eskaera horren alde egin zuen alderdi sozialistak.
Erakunde publikoen lana
«Gaztelaniazko aldizkari txiki anitz desagertu da bideragarri ez delako. Hedabide guztiak hasten badira dirua eskatzen, ez da denentzako dirurik izanen». Horixe erantzun die PPko parlamentari Amaia Zarranzek Zapatari eta Urretagoienari. Kontua ez dela hori zehaztu dio Topaguneko zuzendariak parlamentariari: «Ez ditugu diru laguntzak jasotzen hedabideak martxan jartzeagatik, baizik eta euskara sustatzeagatik». Eta hedabideetan euskara sustatzeko eta diruz eta baliabidez laguntzeko betebeharra administrazio publikoarena dela gogorarazi dute NaBaiko, Bilduko eta Ezkerrako ordezkariek, halaxe jasotzen baita 25 urte bete berri dituen euskararen legeak.
Bilduko Aitziber Sarasolak «lege iruzurtzat» jo dulege hori ez betetzea. «Haiek sortu zuten, eta ez dute betetzen». Eta Ezkerrako Txema Mauleonek hori prebarikazioa dela gaineratu du. NaBaiko Juan Carlos Longasentzat ere «ulergaitza» da UPNko eta PSNko kideen jarrera: «Ezin da ulertu, gizarte batean, bertako hizkuntza bat nahita desagerrarazi nahi izatea, eta horretan ahalegintzea».
Alderdiek eta erakunde publikoek kontrakoa egin beharko lukete. Horixe erran du, argi eta garbi, Zapatak: erakunde publikoei dagokiela, neurri handi batean, euskararen alde egitea. Batetik, zeregin horretan lanean ari diren elkarteen ekarpena aitortuz, eta, bertzetik, lan horri babesa eta baliabideak eskainiz. Eta bultzatuz. Horixe eskatu du Zapatak, «hizkuntza ekologiaren izenean; berdintasunaren, aniztasunaren, jasangarritasunaren eta aberastasunaren izenean».
Euskara. Komunikabideak
650.000 euro eskatu dituzte euskal hedabideek foru parlamentuan
Topaguneak agerraldia egin du Nafarroako Parlamentuaren aurrean; UPNk eta PSNk krisia jo dute dirurik ez emateko arrazoitzatNafarroako Gobernua ez dela legea betetzen ari salatu dute NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu