«Eusko Jaurlaritza ez da egia esaten ari». Industria Saila Arabako lurzorutik gas natural ez-konbentzionala atzeratzeko egitasmoan izaten ari den jokabidea hitz horiekin kritikatu du Andres Illanak, Fracking Ez Araba plataformako kideak. Probarako bi zundaketaren berri eman zuen iragan astean Xabier Garmendia Industria eta Energia sailburuordeak. Ordea,hirugarren bat bidean dagoela jakinarazi du Illanak, eta Fracking Ez Arabak 653 alegazio aurkeztu dizkio dagoeneko.
Forondako aireportuaren inguruan egin nahi du Eusko Jaurlaritzak hirugarren zundaketa, Uribarri Dibiña, Mandoia eta Gereña herrien inguruan. Alegazio guztiak zundaketen ingurumen eraginari buruzko txostena egitearen salbuespenean daude oinarrituta. Forondako aireportuko zundaketaren eragin eremuaren barruan Zalla eta Zadorra ibaiak daudela azaldu du Illanak, eta bi ibai horiek EAEn arriskuan dauden animalien kudeaketa planaren barruan daudela gogorarazi du. Egoera hori behar beste ez dela aztertu nabarmendu du plataformak, eta ingurumen eraginaren txostenaren beharra aldarrikatu du.
Bide batez, azaleko kalteez gain, Subillako ur azpiko akuiferoak jasan dezakeen kutsaduraz ohartarazi du plataformak. «Urtegiekin batera edateko ur berme handiena da Araban», azaldu du Illanak. Zulaketa egiterakoan urarekin erabilitako gehigarriez gain apurketa hidraulikoaren teknikak, fracking-ak,eragin dezakeen kutsadura gogorarazi du. Haitzaren barruan bilduta dagoen gasa berreskuratzeko harria apurtzen du teknika horrek uraren, arearen eta beste gehigarri batzuen presioaren bidez; horiek akuiferoetan isurtzeko arriskuaz ohartarazi dute.
«Eskatzen dugun bakarra da zundaketa guztiak bertan behera gelditzeko fracking teknikari buruz egiten ari diren ikerketen emaitzak ezagutu arte». Plataformaren ustez, ez du zentzurik Araban erabili nahi izatea Frantzian, Erresuma Batuan eta munduko beste zenbait herrialdetan bertan behera utzi duten teknika hori. «Inolako arriskurik ez badago, Jaurlaritzak informazio guztia eman behar du, eta jendea lasaitzen saiatu».
Eusko Jaurlaritzak informatzeko ardura bere gain hartzen ez duen bitartean plataformako kideek lan hori egingo duela aurreratu dute. Otsailaren hasieran fracking teknikari buruzko jardunaldiak egingo dituztela aurreratu dute, eta zundaketak egingo dituzten kokapenen inguruko herrietan ere informazioa emango dutela gaineratu dute.
Kilometro bateko luzera
Foronda inguruan aurreikusita dagoen zundaketari buruzko informaziorik ez du eman Jaurlaritzak, baina Subilla Arabako bi zundaketetan jarraituko duten irizpidea aurreratu zuen iragan astean. Gasa erauztea bideragarria ote den aztertzeko, 5.000 metroko zundaketa egingo dute, eta azterketak 2.500 eta 5.000 metro arteko zatian egingo dituzte. Tarte horretan ehun metroko hamarataletan egingo dituzte probak, kilometro bat guztira.
Ehun metroko hamar atal horiek leherketen bitartez arrailduko dituzte —kilo bat lehergailu erabiliko dute atal bakoitzeko—, eta arrail horiek baliatuko dituzte harria «estimulatzeko». Hau da, pitzadura horietatik ura sartuko dute, presioaren bitartez gas naturala gordetzen duen harriaapurtu, eta gas eskuratzeko. Hori da Jaurlaritzaren hasiera bateko asmoa, baina lan egin ahala aldaketak egon daitezkeela aurreratu zuen Xabier Garmendia sailburuordeak.
Industria Sailak Forondako zundaketari buruzko informaziorik eman ez duen arren, abenduaren 8an Espainiako aldizkari ofizialean zundaketa horren informazioa argitaratu zen.
Zundaketa eremuak hektarea bateko azalera hartuko du, eta, horren barruan zundatzeko makina hartuko duen porlanezko oinarriaz gain, bi ur biltegi zulatuko dituzte lurrean. Ura hartuko du biltegi batek, eta 15 metro luze, 10 metro zabal eta 2 metro sakon izan beharko ditu. Lokatza hartuko duen biltegiak 40 metro luze, 10 metro zabal eta 2,5 metro sakon izango ditu.
Datu horiek guztiak probarako zundaketei buruzkoak direla nabarmendu zuen Xabier Garmendiak iragan astean. «Probarako zundaketek esango digute ustiapena bideragarria ote den ekonomikoki edo ingurumen alorrean». Bideragarritasun ekonomikoa, teknikoa eta ingurumenaren babesa bermatu behar direla esan zuen. Baldintza horiek betetzen ez balira egitasmoa bertan behera utziko dutela iragarri zuen.
653 alegazio jarri dizkiote Araban gasa ateratzeko beste proba bati
Zundaketa guztien ingurumen eraginaren azterketa eskatu dio Jaurlaritzari Fracking Ez Araba plataformak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu