Egunean ia lau gidarik galtzen dute gidabaimena Hego Euskal Herrian, punturik gabe geratuta. Gidabaimen berriak indarrean daraman bost urteetan 6.636 gidari geratu dira bat ere gabe, guztien %0,41. DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak BERRIAri helarazitako zenbakiak dira, ekainera artekoak. 311.179 gidarik galdu dute punturen bat, guztien %19,4k. Abiadura da, nabarmen, arrazoi nagusia: hamarretik zazpi atzeman zituzten azkarregi zihoazela. Eta puntukako gidabaimena ezarri duten aldi berean asko jaitsi da bidean hildakoen kopurua. Marka egin du aurten, urte erdian: 39 pertsona hil dira, epe berean 2003an baino 71 gutxiago. Orduan jo zuen goia kopuruak.
Gidarien jokamoldea aldatzea ekarri du puntukako gidabaimenak, eta horregatik gutxitu dira istripuak. Hala uste dute zirkulazio arduradunek. Amparo Lopez, Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaria: «Isunaren beldurrak errepidean ardura handiagoz jokarazten digu». Harago joan da Antonio Malumbres, Foruzaingoko Trafiko burua: «Isunari hainbeste ez, baina jendeak izua die gidabaimena galtzeari eta zigor penalari». Gidarien eta istripuetako biktimen elkarteak ere bat datoz gidabaimen berriaren eraginarekin, baina uste dute orokorragoa dela aldaketa.
Gidariek beren kabuz kanbiatu dute jokatzeko era edo aldarazi egin diete? Bi talde bereizi ditu Malumbresek: «Batzuek kontzientzia hartu dute, horretan sinesten dutelako, kanpainek-eta eraginda; beste batzuek, berriz, konbentzituta ez, behartuta betetzen dute legea». Bereizketa horrekin ados dator Rosa Trinidad, Stop Accidentes elkarteko ordezkaria. Nolanahi ere, aldaketa ikusi du iritzi publikoan oro har. «Lehen, bazirudien pagatu beharrekoa zela astebururo errepidean jende mordoa hiltzea. Orain, aldatu da kontzientzia soziala; gogoeta egin du jendeak».
Oraindik ere badira, haren irudiko, saihets daitezkeen istripuak. Abiadura gehiegizkoa jarri du adibide. «Horrek eragiten ditu istripu gehienak», nabarmendu du. Puntukako gidabaimenaren datuek azaleratu dute Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan azkarregi zihoazela zigortutako gidarien %70; guztira 219.928 gidari atzeman dituzte abiadura handiegian, behin baino gehiagotan batzuk —isunak gehiago baitira: 251.033—.
Foruzainak esan du oso kontuan hartu behar dela abiaduraren gaia: «Gehien egiten den arau-hausteetako bat da, eta eragina du ezbeharretan. Ez baitu soilik eragiten, baizik eta larriagotu ere egiten baitu». Onartu du alkoholarekin batera abiadura kontrolatzen duela Poliziak batik bat.
Luis Murgia RACVN Hego Euskal Herriko Automobil Klubeko ordezkariak adierazi du kontrol handiagatik dagozkiola isun gehienak abiadurari: «Oso erraza da abiadura kontrolatzea: radar batek isun mordoa jartzen du. Ez dago robotik arreta galdu dutenak eta telefonoz hizketan ari direnak zaintzeko». Alemaniako adituen esana ekarri du: «Garbi daukate abiadurak ez dituela eragiten istripuak. Hemen infernuko deabrutzat daukagu».
Radarren baliagarritasuna
Radarrak zabaldu dira azken urteetan. Uda ostean, 64 izango dira martxan: 25 Bizkaian, 23 Gipuzkoan, 12 Araban eta 4 Nafarroan —beste hiru jarri behar dituzte—.
Baliagarriak direla aitortu du Murgiak, baina esan du kokapenaren araberakoa dela hori. «Arazo tekniko bat daukate radarrek: elektrizitatea eta zuntz optikoa behar dituzte. Kontua da leku arriskutsu askotan ez dagoela elektrizitaterik, eta han ez dago radarrik». Argudio berarekin erantzun dute foruzainak eta Stop Accidenteseko kideak. Malumbres: «Azkarregi doanari soilik jartzen diote isuna radarrek. Borondatezkoa da isuna: nahi ez duenak ez du jasotzen». Trinidad: «Egoki doanak ez du zertan beldurrik izan». Eraginkortasuna badutela berretsi du Murgiak, baina oharra eginik: «Dirua biltzea ere ez bada xedea, zergatik ez dituzte jartzen bigarren mailako errepideetan ere?».
Abiaduragatiko isunen azpian, itzalean geratzen ari dira alkohola edanda edo segurtasun uhala jarri gabe gidatzeagatik jarritakoak. Ordea, kontuan hartzeko zenbakiak dira horiek ere. Uhalik gabe atzeman dituzte 32.240 lagun—hamar zigortutik bat—, eta baimendutakoa baino alkohol tasa handiagoa zutela, 18.716 —%6—. Bi arau-hauste horiengatik beste herrialdeetan baino jende gehiago zigortu dute Nafarroan: 11.656 atzeman dituzte edanda, eta 6.910, gerrikoa gabe. Sakelako telefonotik hizketan ere herrialde horretan harrapatu dituzte gehiago, nabarmen: 9.851 —Bizkaian, adibidez, 2.789—. Malumbresek aitortu du hori aldaraztea izango dutela helburu nagusietako bat.
Arau-hauste horiengatik puntu guztiak galdu dituztenak Bizkaian dira beste inon baino gehiago: 2.950. Atzetik daude Nafarroa (1.841), Gipuzkoa (1.374) eta Araba (471). Proportzioan, berriz, diferentea da hurrenkera: Nafarroan gidarien %0,52k galdu dute gidabaimena, Bizkaian %0,46k, Gipuzkoan %0,31k eta Araban %0,27k.
Abiadura mugaren eragina
Egoera horrekin bat egin du istripuen eta hildakoen kopurua jaisteak. Argia da jaitsiera urte erdiko datuak aintzat hartuta: 2003an, 110 lagun hil ziren; 2007an, 60, eta aurten, 39. Hortaz, 2003tik, hildakoen kopuruak goia jo zuenetik, %65 gutxitu dira hildakoak. Eta hori, zortzi urte eskasean. Zirkulazio arduradunak, ordea, beldur ziren aurten, urte hasieran: iazko kopuruaren gainetik zegoen hilen kopurua martxora arte. «Berritasunaren eragina gaindituta, gidari askok lasaikeriara jotzen dute arauak betetzeari dagokionez», adierazi du Lopezek.
Martxoan, baina, beste berrikuntza bat jarri zuen Espainiako Gobernuak: abiadura muga orduko 110 kilometroan jarri zuen autobia eta autobideetan. Mugarria izan zen. Hara: urtarrilean, otsailean eta martxoan 25 pertsona hil ziren; apirilean, maiatzean eta ekainean, 14. Azken hilabeteetako jaitsieragatik, errekorra egin dute Nafarroan: lehen urte erdian, iazkoen erdiak hil dira errepideetan, bederatzi. «Harrituta gaude; pozarren, baina harrituta. Ez da ohikoa halako jaitsiera bat izatea», aitortu du foruzainak.
Abiadura muga jaistearen eraginaz ez daude ados guztiak. «Zaila da norainokoa izan den jakitea. Bigarren mailako errepideetan izaten dira heriotza asko, eta han ez zuten aldatu muga», dio Murgiak. Malumbresek dio izan duela eragina: «Jaitsiera hainbestekoa izatea ezin da izan kasualitate hutsa». Are, orain egoera aldatuta. Trinidad: «120ko mugara itzultzean handitu da hilen kopurua».
Horretaz ohartarazi du Jaurlaritzak, uztailean hazi dela hilen kopurua. Aurreko astera arte sei lagun hil dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hiru herrialde horietan aurreko urtean garaiotan baino bi hildako gehiago daramatzate.
Zirkulazioa. Puntukako gidabaimenak bost urte
6.636 gidari punturik gabe geratu dira bost urteotan Hegoaldean
Bost gidaritik batek galdu du punturen bat bost urteotan; haietako %70ek, abiadura muga ez errespetatzeagatikUrte erdiko datuek diote azken hamar urtean aurten hil dela pertsona gutxien: 39 denera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu