Espainiako Zigor Kodean sexu askatasunaren aurkako delitu gisa tipifikatutako dauden delituak kontuan hartuz, 732 salaketa jaso zituzten iaz Hego Euskal Herriko polizia etxeetan: Araban 84, Bizkaian 274, Gipuzkoan 142 eta Nafarroan 232. Espainiako Barne Ministerioak egin du azterketa, Polizia denen datuak bilduz.
Kasuen %41ek sexu abusuekin izango lukete lotura —Zigor Kodeko 181. eta 183.1 artikuluen definizioaren arabera—. Horrez gain, beste hamar delitu mota bereizi dituzte azterketan. Sexu abusuen ondoren, salaketa gehien jarri dituzte sexu erasoekin lotuta (%27,3); eta penetrazioarekin izandako sexu erasoekin (%14,3). Azkeneko hori da ohikoena 18-30 urteko emakumeen kontrako sexu erasoen artean.
Biztanle kopuruaren arabera, Nafarroan jaso dituzte gehienak. 36 kasu 100.000 biztanleko, Jarraian, Araba (26), Bizkaia (24) eta Gipuzkoa (20). Espainiako Estatuaren menpeko herrialdeetan, Nafarroaren gainetik soilik Balearrak daude (45).
Biktimen eta erasotzaileekin loturiko zenbait datu eman ditu Espainiako Barne Ministerioak, baina ez ditu herrialdeka xehatu. Oro har, dio biktimen %84 emakumeak direla: eta, hirutik bat 18-30 urtekoa. Halaber, salatutako bi sexu erasoetatik batean adingabeak dira biktimak.
Erasotzaileei dagokienez, %96 dira gizonak, eta 41 eta 64 urte arteko adina dute nagusiki. Salatutako kasuen %72tan ez zuten inolako harremanik emakumezko biktimek eta erasotzaileek; soilik kasuen %5etan ziren bikote, Espainiako Barne Ministerioaren arabera.