Ordiziako azoka berezia da gaur, eta urteroko gisan Ardi Latxaren Gazta txapelketa egin dute. Ricardo Remirok irabazi du lehiaketa. Eulatekoa da Remiro (Nafarroa), eta azken hamar urteetan hiru aldiz irabazi du Ordiziako txapelketa. Hunkituta azaldu da artzaina. "Oso pozik nago. Artzain familia batekoa naiz, eta nire lana balioan jartzeko balio du sari honek". Bere amari eskaini dio saria, duela 19 urte hil baitzen, atzoko egunez.
Sari banaketaren ondoren, irabazle atera den gazta enkantean jarri dute. Azkarra izan da enkantea, eta Bergarako Bolintxo okindegiak erosi du. 7.500 euro ordaindu ditu gazta erdiarengatik. Iaz baino 100 euro gehiago.
Txapelketako epaimahaia hainbat sukaldarik, eta beste arlotako pertsonek osatu dute. Juan Mari Arzak sukaldaria izan da presidentea, eta aurten lehen aldiz, Erramun Martikorena abeslaria ere izan da epaimahaikide. Txapelketa eta enkanteaz gain, azoka egiten ari dira herrian. Ganadua, fruituak, barazkiak, edota makinak daude ikusgai, eta hainbat lehiaketa egin dira. Jendetza bildu da herrian goizean, baina saltzaileak kezkatuta agertu dira lehen bezainbeste ez dutelako saltzen.