Gasteizko San Antonio kaleko lokalen auzian 2007. urtearen hasieran Gasteizko udal gobernuan zeudenak daude nahastuta: Alonso Alonso orduko Gasteizko alkatea (1999tik 2007ra egon zen karguan), Javier Maroto (Ogasun zinegotzi orduan, eta alkate orain), Alfredo Iturritxa (zinegotzi da orain ere), Idoia Garmendia (zinegotzi orain ere), Jorge Ibarrondo (senatari Madrilen), Encina Serrano (zinegotzi ohia), Miguel Angel Etxebarria (zinegotzi ohia), Marian Castellanos (zinegotzi ohia) eta Fernando Arangiz (zinegotzi ohia eta Kutxabanakeko presidenteorde gaur egun).
Zenbat balio zuen San Antonio kaleko lokalak?
Gonzalo Antonek Sbayre sozietatearen bitartez erosi zituen 2006ko urtarrilaren 12an, higiezinen prezioak mugarik gabe gora egiten ari zen garaian. Sarkis eraikuntza enpresari erosi zizkion. 2,72 milioi euro ordaindu zituen. Haren asmoa Gasteizen kasino bat jartzea zen, eta lehenago ere saiatu zen hiriburuko beste leku batzuetan. Erosi eta urtebetera udalak 7,6 milioi euroko alokairu kontratua sinatu zuen Antonekin.
Zer zegoen aurretik lokal horietan?
Eraikin horretan Erreparazioko lekaimeen komentu bat egon zen urte askoan. Hori itxi eta gero, ordea, luxuzko etxebizitzak egin zituen Sarkis enpresak, eta beheko lokalak Antoni saldu zizkion (lanak amaitu gabe). Gasteizko Zabalgunean dago San Antonio kalea. Erdiguneko auzo nagusietako bat da, merkataritza zentro nagusia.
Nolakoa da lokala?
892 metro koadro ditu, eta, horiez gain, hiru solairuko lur azpiko aparkaleku bat eta trasteleku bat ditu.
Zergatik da irregularra alokairu kontratua?
Gonzalo Antonek lokala erosi eta hamar hilabetera eskaini zion Gasteizko Udalari alokairuan. 2007ko otsailean sinatu zuten bi aldeek alokairu kontratua, Antonek bere erosketa egin eta urtebetera. Kontratuan sinatu zuten Antonek lokalen erosketan ordaindutakoa bi bider irabaziko zuela.
Zenbat ordainduko du guztira Gasteizko Udalak?
2007an hitzartu zutenez, hilean 20.000 euro ordaindu behar dizkio Udalak Antoni. Hau da, Antonek 2,7 milioi eurotan erositako lokala urtebete geroago 7,6 milioi eurotan alokatu zuen, hogei urterako.
Ezin al da kontratua bertan behera utzi?
Ez. Kontratua zenbait klausularekin blindatu zuten, eta hautsiz gero 6,16 milioi euro ordaintzera behartu zuten Gasteizko Udala, kalte-ordainetan.
Gastu gehiago hartu zituen bere gain udalak?
Bai. Lokala obretan zegoen, eta lanen amaiera Gasteizko Udalak ordaindu zuen. Alokairu kontratuaren arabera, gastu hori Antonen enpresak udalari itzuli beharko dio kontratua amaitzen denean, hau da, 2027an. Gainera, alokairua urtero KPIaren arabera berritzea hitzartu zuten, baina horri gutxienez %1 eta gehienez %9 gehituta.
Zer iraupen zuen kontratuak?
Antonek hasiera batean hamar urterako alokatu nahi zuen, baina azkenean hogei urteko kontratua sinatu zuten bi aldeek. Udal hauteskundeak 2007an bertan izan zirenez, hurrengo bost agintaldietako udal gobernu taldeak behartu zituen Alonsok eta bere taldeak alokairua ordaintzera.
Ez al zuen inork udala ohartarazi kontratuak zekarkion kalteaz?
Bai. Udal teknikariek 2007ko urtarrilaren 12an aurkeztu zuten txosten teknikoak ohartarazi zuen.
Nolakoa izan zen negoziazioa?
Azkarra. Lau hilabetean itxi zuten alokairu kontratua.
Zertarako hartu zituen Gasteizko Udalak lokal horiek alokairuan?
Alfonso Alonsoren udal taldea garai horretan herritarrei harrera egiteko eta erroldarako bulego baten bila eta turismo bulegoa lekuz aldatzeko lokal baten bila ari zen. Turismo bulegoa orduan Loma jeneralaren plazan zegoen, eta alokairua oso garesti ordaintzen zutelako nahi zuten beste batera eraman.
Antonek udalari soilik egin zion eskaintza?
Ez. Gasteizko Udalari eskaintzeaz gain, Arabako Foru Aldundiari ere eskaini zizkion San Antonio kaleko lokalak; zehazki, Gizarte Gaien sailari. Aldundiak, ordea, ez zuen interesik agertu (Ramon Rabanera PPkoa zen orduan ahaldun nagusi).
Indarrean al dago kontratua?
Bai. Gasteizko Udala behartuta dago kontratua betetzera, eta egin ezean etete klausula ordaindu beharko du: 6,16 milioi euro.
Zenbat ordaintzen du gaur egun Gasteizko Udalak alokairuagatik?
2013an hedabideen presioak eta presio politikoak Javier Maroto alkatea kontratua berriro negoziatzera behartu zuten (2007an kontratua sinatu zenean, Ogasun zinegotzi zen Maroto). Horren ondorioz, kopurua apur bat jaitsi zen, eta gaur egun hilabetean 17.000 euro ordaintzen ditu udalak.
Nork eman zuen argitara auzia?
Patxi Lazkozek (PSE-EE) hartu zuen alkatetzan Alonsoren lekukoa 2007ko hauteskundeetan. Bere agintaldian, ordea, ez zen ezer azaleratu. 2013. urteko irailean hasi zen alokairu kontratua ezagutzera ematen. Udalean batzorde bat osatu zuten auzia argitzeko. 2014ko martxoan amaitu zuen horrek lana, eta EAJk eskatuta Espainiako Kontu Auzitegira bidali zuten txostena.
Nor ari da auzia eramaten?
Espainiako Kontu Auzitegia orain dela hamar hilabete hasi zen bere kabuz auzia ikertzen, eta 2014ko irailean Monica Rino Garcia Camacho izendatu zuen epaile instruktore.
Zer ari da ikertzen?
Gehiegizko alokairu bat eta baldintzak adostu zituztela ikertzen ari dira. Kontu Auzitegiaren arabera, ez dago oinarririk hogei urterako kontratu bat sinatzeko, are eta gehiago udal teknikariek kontratu horrek udalari zekarkion kalteaz ohartarazi ostean.
Zer leporatzen diete?
Hiru dira Kontu Auzitegiaren arabera irregulartasunak: txosten teknikoaren balorazioaren kontra gehiegizko alokairua hitzartu zutela, urtero KPIaren gainetik berritzea hitzartu zutela eta lokala egokitzeko obraren gastua udalak ordaintzea hitzartu zutela.
Nortzuk ari da ikertzen?
Alonso Alonso orduko Gasteizko alkatea (1999tik 2007ra egon zen karguan), eta haren udal taldea: Javier Maroto (Ogasun zinegotzi orduan, eta alkate orain), Alfredo Iturritxa (zinegotzi da orain ere), Idoia Garmendia (zinegotzi orain ere), Jorge Ibarrondo (senatari Madrilen), Encina Serrano, Miguel Angel Etxebarria, Marian Castellanos eta Fernando Arangiz (Kutxabanakeko presidenteorde gaur egun).
Zenbateko bermea ordaindu behar dute?
Epaileak 496.223 euroko bermea ezarri die, eta alokairu kontratuaren erantzule denak direla argudiatuta guztien artean ordaindu beharko dute. Bakoitzak 55.135 euro ordaindu beharko ditu.