79 hildako zenbatu gabe Nafarroan (eguneko laburpena)

Orain arteko datuetan, soilik ospitaletan hildakoen berri ematen zuen Nafarroako Gobernuak

Iruñeko zahar etxe baten irudia. I. URIZ / FOKU
Pello Urzelai.
2020ko apirilaren 16a
19:03
Entzun

Gaur arte erakundeetatik zabaldutako eguneroko estatistikek erakusten zutena baino handiagoa da koronabirusak eragindako tragedia. Nafarroako Gobernuak jakinarazi du eguneko datuetan ez zutela jasotzen ospitaletik kanpo hildakoen kopurua. Beraz, orain arte Nafarroan hildako 261 lagunei beste 79 gehitu behar zaizkie, hain zuzen, zahar etxeetan haien etxebizitzan edo beste egoitzaren batean hildakoak. Guztira, 340 pertsona hil dira Nafarroan koronobirusaren gaitzarekin. 

Eguneko datuei dagokienez, orain arteko egunik beltzena izan da: beste 63 hildako gehiago, orain arteko hildako kopururik altuena (Nafarroako desfasea momentuz ez da kontuan hartzen datu hauetan, ospitaletik kanpoko hilak ez daudelako egunez egun zehaztuta). Araban, 16 hildako (bezperan baino 15 gehiago), Bizkaian 22 (bezperan baino bost gehiago), Gipuzkoan 16 (bederatzi gutxiago), eta Nafarroan 9 (sei gehiago. Positiboen kopuruak bigarren egunez jarraian gora egin du: beste 414 kutsatu (bezperan baino 69 gehiago). Ospitaleratuen kopuruak, aldiz, behera egin du beste egun batez. 1.580 pertsona daude ospitaleratuta (bezperan baino 88 gutxiago), eta haietatik ZIUn 228 (bezperan baino bederatzi gutxiago). 

Gipuzkoako zenbait zahar etxeren kasua epaitegian dago, ELA sindikatuak jarritako salaketaren ondorioz. Iurramendi eta San Jose zahar etxeak osasun neurriak hartzera behartu ditu epaitegiak. Testak egin, langile guztiak arrisku esposizioko langile gisa sailkatu eta babes jantziak eskaintzera behartu ditu.

Konfinamendua jarraitzeko arauak egokitzen ari dira erakundeak. Azken aldaketak ondoko gidan jasotzen dira: Konfinamendu arinduko neurriak.

Munduan, azken datuen arabera, bi milioitik gora kasu azteman dituzte. COVID-19ak eragindako heriotza kopuruak ere gora egin du, eta 137.000tik gora dira hildakoak. Japoniatik heldu diren berriak kezkagarriak dira, Hokkaido irlan bigarren aldiz ezarri behar izan dutelako konfinamendua. Lehena otsailaren 28an ezarri zuten, eta joan den astean 150 kasu berri atzeman ondoren, berriro ezarri dute. 

DATUAK: Koronabirusaren azken datuak

MAPA: Koronabirusaren zabalpena herriz herri eta osasun eremuka

ZUZENEKOA: Gertatu ahala kontatutakoa

 

Agian honek ere merezi du

Gerrarik ez. Ines Olza Nafarroako Unibertsitateko Kultura eta Gizarte Institutuko ikertzailea da. Hizkera belikoaren kontra azaldu da eta #ReframeCovid egitasmoa sortu du beste ikertzaile batzuekin batera, gerra-hizkerari alternatibak proposatzeko. Ines Olzaren ustez, "herritarrak soldadutzat hartu izana gaitzespena eragin du". Hizkera gerrazalearen kontra idatzi du Pilar Kaltzadak, Ez gaude gerran izenburuko  artikuluan. 

Hezkuntza burujabea. Euskal Herriko hezkuntza alorreko eragileak kritiko azaldu dira Espainiako Gobernuak ikusturtearen amaierari buruz atzo iragarritako neurriekin. Erabakietan burujabetza da aldarri nagusia.

Jalgi hadi etxera. Apirilaren 20an abiatuko da Etxealdetik Euskaraldira egitasmoa, hizkuntza ohiturak etxean ere aldatzeko asmoz. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldia prestatzeko baliagarria izatea espero dute sustatzaileek.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.