Zazpi urte zituen Josefina Lambertok (Larraga, Nafarroa, 1929) aita Vicente eta ahizpa Maravillas inolako azalpenik gabe eraman eta fusilatu zituzten egunean. Aitari UGTko kide izatea egotzi zioten, eta ahizparen "bekatua" aita zaindu nahi izatea izan zen. Gaur laurogei urte dira egun hartatik.
BERRIAri azaldu zion Lambertok egun hartan bizitakoa: "Gogoan dut 1936ko abuztuaren 15ean gure etxeko atea jo zutela goizeko ordu bietan. Ama koitaduak ez zuen atea ireki beste erremediorik izan. Hala, gizon horiek metrailetak eskuetan zituztela sartu ziren etxean, eta zuzenean aitaren bila joan ziren. Nire ahizpa Maravillasek 14 urte zituen orduan, eta bazekien herrian ordurako pertsona asko desagertuak zirela. Hori zela eta, falangistei eskatu zien haiekin eramateko, gure aitari zer egiten zioten jakiteko, eta haren arrastoa ez galtzeko".
Lambertoren testigantza, beste batzuekin batera, BERRIAren Oroiteria webgunean dago irakurgai.