Atzo eman zuen Errigorak Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka kanpainaren berri, Arroitzen (Nafarroa). "Bikaina", hitz batean laburbildu zuten emaitza. 8.000 saskitik gora banatu dira Euskal Herriko herrialde guztietan: Nafarroa hegoaldeko milaka produktu etxeetan dastatzeko eta 112.000 € Nafarroa hegoaldeko euskalgintzarako. Lortutako dirua aurrez zehaztutako hiru proiektuei emango diete: Lodosako ikastolari, Euskaraz Bizi eta Ikasi herri ekinbideari eta Erriberako AEKri.
Errigoraren ekimenez eta AEKren, Ikastolen Elkartearen, Sortzen-en eta Zazpiak Bat-en babesaz egin da kanpaina, euskara eta Nafarroa hegoaldeko produktuak lotuz, eta aurreikuspen onenak gainditu dira. "Horregatik, proiektu honetan parte hartu duten herritar guztioi zorionak: itzela izan da!".
Emaitza ikusita errepikatzeko moduko esperientzia dela nabarmendu dute, eta hala egingo dutela iragarri. Udaberrian egingo dute, baina apalagoa izango dela esan dute. Datozen asteetan erabakiko dute nolakoa izango den udaberriko kanpaina eta saskiak nola osatuko diren.
Produktuek zazpi probintzietan izan dute hedapena, eta, ikastoletan, eskoletan eta euskaltegietan ez ezik, taberna zein denda, elkarte, enpresa, unibertsitate, udaletxe eta abarretan izan dira erakusgai saskiak. Lekeitioko ikastolan ehundik gora izan dira eskariak, Groseko AEK-n laurogei inguru, Dimako eskolan 30, CAF enpresan ehun baino gehiago, Ampo empresan bostehun, Arabako campusean hirurogei inguru, Uztaritzeko euskaltegian 22, Lizarran hirurogei baino gehiago, Santutxun berrehun inguru,Tolosako udalean 50 eta Santurtziko Mamariga auzoan 80, besteak beste.
Saskiak prestatzen Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako jendea aritu da lanean, "giro ederrean": Tuterakoak, Gernikakoak, Oiartzungoak eta Aulestikoak, nafar produktuak eskuetan hartu eta kaxak betetzen. "Hurrengo egunean bizkarreko minik falta ez bazen ere, ezin inork kendu lan polita egin izanaren asebetetze eta poztasuna", esan zuten atzo antolatzaileek.