Iruñeko Jaso ikastolak jai «kultural, herrikoi eta propioa» eskainiko du datorren igandean, urriaren 19an. Horrela aurkeztu zuen atzo Nafarroako ikastolen egun handia Iñigo Mariñelarena Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariak. Jaso ikastolako guraso, langile, ikasle, ikasle ohi eta laguntzaileak urte osoa daramate lanean nortasun berezia izan nahi duen jaia prestatzen. Hala, Atera ezazu mihia lelopean, Arga ibaiaren inguruan izango den zazpi kilometroko ibilbidean hamaika eskaintza izango dira goizean goizetik, eta, bide batez, munduko hamaika kultura bilduko ditu ekitaldiak.
Nafarroa Oinez 28. aldiz egingo da aurten, eta jaia berezia egingo duten hainbat eskaintza ditu egitarauak. Duela hainbat hilabete eskaintza «kaletarra, hauslea eta berritzailea» izango zela jakinarazi zuten, baita lortu ere. Sanduzelai, Mendebaldea eta Donibane auzoetatik doan ibilbidean bisitariaren harridura pizteko moduko berritasunak daude. Musikari dagokionez, bi txoko berezi izango dira hip hop eta jazz musika eskaintzeko. Jatorri kaletarra duten musika horiek Sanduzelain eta Argan izango diren guneetan emango dituzte. Horrez gain, berrikuntzen artean, egitaraua etxetik ez daramatenek, eskuko telefonoan jartzeko aukera izango dute Mendebaldea eta Argako guneetan, bluetooth konexioaren bidez.
Berrikuntzak berrikuntza, egitarau zabala eskainiko du Jaso ikastolak goizeko hamarretatik aurrera. Dantza, txalaparta, tailerrak, artzain txakurren erakustaldiak, antzerkia... Ekitaldi horiekin guztiekin batera, era askotako musika izango da ibilbidean zehar banatuta izango diren sei guneetan.
Nafarroan euskararen erabileraren eta sustapenaren alde lan egin dutenak omentzeko tarte bat gordeko da jai giroaren barruan. Euskadiko Kutxa eta Euskalerria Irratiari egingo diete aurten omenaldia, eguerdiko hamabietan, Jaso ikastolaren bilera aretoan.
100.000 bisitari inguru
Antolatzaileek azaldu dute 80.000 eta 100.000 bisitari inguru biltzea espero dutela. Igandean «eguraldi bikaina» egingo duela adierazi du Jaso ikastolako zuzendari Unai Arellanok. Antolatzaileek gogorarazi dute eguraldiak guztiz zapuztu zuela 1999. urtean Jaso ikastolak antolatu zuen Nafarroa Oinez eta orduan sortutako zorrak ordaintzeko datorren igandeko jaian bildutako diruaren parte bat erabiliko dutela. Horrez gain, ordutik ikastetxea egokitzeko egindako lanak ordaintzeko balioko du bildutako diruak. Nolanahi ere, Nafarroa Oinezen helburuak harago ere badoaz. Ikastolen egitasmoaren berri eman ez ezik, euskarak kalean duen tokia handitu ere nahi du, besteak beste.
40 musika talde
Era askotako kontzertuak izango dira datorren igandean, Iruñean. 40 talde inguruk joko dute ibilbideko sei gune eta bi txokotan. Rock, hip hop, punk, reggae, ska... Musika estilo asko entzungo dira, munduko txoko askotakoak. Txistulariak, txarangak eta trikitilariak ere izango dira.
Euskara
80.000 lagunetik gora espero ditu bihar Iruñeko Jaso ikastolak Nafarroa Oinezen
Jai «kultural, herrikoi eta propioa» eskainiko du. Ahal dela, trenez joateko deia egin dute. 40 musika talde inguruk parte hartuko dute Nafarroako ikastolen aldeko festan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu