Ikuspegi EAEko Immigrazioaren Behatokiak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren atzerritarrei buruzko 2007ko ikerketaren ondorioetako batzuk aipatu ditu lanarekin lotutakoak. Ikuspegiren esanetan atzerriko populazioaren artean «lehen inkesta garrantzitsua» izan da, eta immigrazioaren «benetako egoera» islatzen du. Zazpi txosten kaleratuko ditu Ikuspegik ikerketaren datuak aztertu ahala, eta atzo aurrerapen bat eman zuten.
Nagusi diren etorkinen hamalau nazionalitateetan oinarritu da ikerketa, osotasunaren %80 ordezkatzen dute eta. Horien artean %22,8k egoera irregularrean daudela onartu dute. Gainontzekoek nolabaiteko egoitza baimena edo Espainia zein Europako Batasuneko herritartasuna dute. Boliviarrak, senegaldarrak, Saharaz hegoaldekoak eta brasildarrak dira egoera administratibo okerrena dutenak. Ekuadortarrak, txinatarrak, kolonbiarrak, argentinarrak, aljeriarrak eta marokoarrak, berriz, legez egoera hobean daudenak dira.
Lan egoerari dagokionez, adierazgarria da jatorrizko herrialdearen arabera dagoen aldea. Datu orokorretan, hamar etorkinetatik zazpik lan egiten badute ere, Afrikaren eta Asiaren artean alde handia dago. Saharaz hegoaldekoen, aljeriarren eta marokoarren langabe tasa oso handia da, %30 baino handiagoa hiru kasutan. Asian, berriz, %8,4koa da langabe tasa.
Inkestatuen erdiak baino gehiagok bi eta lau urte bitartean eman dute Euskal Herrian, eta heren bat baino gutxiago azken bi urteetan heldu da. Denbora gehien daramatenak Afrikako jatorria dutenak dira, bostetik batek sei urte baino gehiago daramate. Datu hori adierazgarria da, ikerketaren egileen arabera, bere egoeraren pertzepzioan eragina izan dezake eta. Hala nola Errumaniatik heldutakoen balorazioa apalenetakoa da hainbat alorretan, eta horrek zerikusi zuzena du Euskal Herrian daramaten denborarekin. «Denborak aurrera egin eta baldintzak hobetu ahala, norberaren pertzepzioak hobera egin ohi du», azpimarratu du Xabier Aierdi Ikuspegiko zuzendariak.
Azkenik, atzerritik etorritakoak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleriaren %5 ingurukoa dela ondorioztatu du ikerketak-105.000 eta 110.000 lagun artean-.
OROKORREAN, POZIK. Etorkinak pozik daude egun duten integrazio mailarekin. Ideia hori erakusten du ikerketak inkestatuen egungo bizitzaz duten iritziari buruz galdetutakoan. Batetik hamarrerako taulan 6,96ko puntuazioa ematen diote galdera horri. Xabier Aierdik azaldutakoaren arabera, «oso ongiaren inguruan dagoen puntuazioa da». Amerikatik etorritako pertsonak oso gustura daude (7,37). Atzetik dadue Asia (6,86), Afrika (6,57) eta Europa (6,31).
Etorkinak nahiko integratuta daudela uste dute inkestatu gehienek. Batetik bosterako eskalan-oso integratuta egotetik integratu gabe egotera- 2,2 puntu batez bestekoa erakusten du ikerketak. Horretan ere herrialdeen artean aldea dago. Hala nola argentinarrek eta portugesek haien burua oso integratuta ikusten dute; txinatarrek eta errumaniarrek, aldiz, ez dute haien burua hain integratua ikusten.
Atzerritik etorritako pertsonen %75,6k berriro etorriko liratekeela onartu dute, denboran atzera egiteko aukera izango balute. «Etortzen pairatu dituztenak jakinda ere, lautik hiruk haien jaioterria utziko lukete berriz», azpimarratu du Jose A. Oleaga Ikuspegiko Ikerketa zuzendariak. Hala ere, inkestatuen %59,2k baino ez dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gelditzeko asmorik. «Etorkinak behin betiko geldituko direla pentsatzen da gizartean, eta datu honek agerian uzten du ez dela guztiz egia», adierazi du Aierdik.
Gutxiespen eta bazterketa pertzepzioari dagokionez, etorkinek uste dute euskal gizarteak «adeitasunez»hartzen dituela, erasokortasunik gabe, bai maila pertsonalean baita haien herrikoekin duten jarreran ere. Dena den, haien ustez biztanleek erdipurdiko iritzia dute haiei buruz. Afrikatik eta Amerikatik etorritako pertsonak dira bazterketa kasu gehien aitortu dutenak.