911 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, bi hilabeteko kopururik altuena

Nafarroa izan da kutsatu gehien izan dituen herrialdea, baina, aurreko eguneko datuekin alderatuta, txikitu egin da kopurua. Gainontzeko lurraldeetan gora egin dute kutsatzeek. 

Erizain bat PCR probak egiten, Aguraingo baheketan. RAUL BOGAJO/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2021eko uztailaren 6a
12:47
Entzun

Bilakaera epidemiologikoak bi hilabete egin ditu atzera: 911 positibo zenbatu zituzten atzo Osakidetzak eta Osasunbideak, maiatzaren 1etik izandako kopururik handiena. Nafarroak ditu kasu gehien oraindik ere, 425 guztira. Hala ere, aurreko eguneko datuekin alderatuta, jaitsiera nabaritu da. Gainontzeko lurraldeetan, ostera, goraldia izan da beste behin ere: 220 kasu zenbatu dituzte Gipuzkoan; 194 Bizkaian, eta 57 Araban.

Datuen igoera nabarmena bada ere, horrek ez du islarik izan ospitaleratzeetan oraingoz behintzat. Guztira 119 lagun erietxeratu dituzte Osakidetzako eta Osasunbideko ospitaleetan, aurreko egunetako joera bertsuan: horietatik 38 daude ZIUetan, atzo baino sei gutxiago.

Atzoko datuek zerikusi gutxi dute duela astebete eskas kaleratu zituztenekin: 200 azpitik ziren orduan. Kutsatzeen igoera bat-batekoa, hain zuzen ere, oraindik txertatzeko dauden adin tarteetan gertatzen ari da: horietako asko oporraldietan edo ikasturte bukaerako bidaietan. Nafarroako Gobernuak atzo bertan jakinarazi zuen Saloun (Herrialde Katalanak) ikasturte bukaerako bidaietan izandako 700 ikasle baino gehiagok eman zutela positibo PCR proban: proba egin dutenen ia %50, Carlos Artundo Nafarroako Osasun zuzendariak jakinarazitakoaren arabera.

Eusko Jaurlaritzak ere PCR proba egiteko deia zabaldu die Mallorcan (Herrialde Katalanak), Saloun edo Conilen (Cadiz, Espainia) izandako 16 eta 18 urte bitarteko gazteei, lurralde horietan gertatzen ari diren kutsatzeen gorakada dela eta. Hain zuzen ere, Gipuzkoatik Mallorcara joandako ikasleen artean 267 kutsatu atzeman zituen Osakidetzak aurreko astean. Era berean, Deustuko Unibertsitateak jakinarazi du Bordelera (Akitania Berria) joandako unibertsitateko 30 ikaslek ere positibo eman dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.