A-8 oztopo lasterketa

Lanez gainezka dago A-8 autobidea, eta horrek asko mantsotu eta zailtzen du bertatik igaro nahi duten ibilgailuen joan-etorria. Bidesariak, ordea, betikoak dira.

IÑAKI PETXARROMAN BEHOBIA-BARAKALDO
2007ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Goizeko 10:08an abiatu gara Behobiatik (Lapurdi). Lainotuta dago, baina ateri, eta asfaltoa lehor dago. Irten eta berehala, 4. kilometroan lehen oztopoa aurkitu dugu: lerro bat itxita dago, bi norabideetan. Langileak erdiko hesia ari dira konpontzen zati horretan, eta lau kilometroan lerro bakarra dago erabilgarri. Modu horretan, orduko 80 kilometrotik gorako abiadura ez pasatzeko agindua ematen dute bide seinaleek.

Oiartzungo (Gipuzkoa) ordaintokiarekin egin dugu topo berehala: 1,45 euro ibilgailu arinentzat. Kontrako bidean ordura arte izandako kontrola kendu berri du Guardia Zibilak.

Donostiako saihesbidera hurbildu ahala, ohiko auto joan-etorri handia suma daiteke. Ordua ez da txarra, ordea, eta bidean istripurik ez da.

Donostia igaro eta segituan, herrilanak iragarri ditu bide seinale handi batek. Hain zuzen ere, Aritzetan hasi dira lanak. Handik Orioraino, zazpi kilometroko zatian, hirugarren lerroa ari da egiten Gipuzkoako Foru Aldundia. 70 kilometro orduko abiadura muga dago, eta errepidea estu-estua da, nahiz eta bi lerro irekita dauden bi norabideetan. Kamioi ugari dago, eta haiek aurreratzerakoan arrisku irudipena bizi-bizia da, ondo-ondotik pasatzen direlako ibilgailuak.

Lanok iraun bitartean bidesaria merkatzeko eskatu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan PPk, Aralarrek eta EB-Berdeek. EAJk, EAk eta PSE-EEk osatutako gehiengoak ez zuen onartu proposamena. Zati batzuetan abiadura motelarazi arren «errepide azkarra» izaten jarraitzen duela argudiatu zuen EAko batzarkide Iñaki Galdosek.

Zarauzko ordaitokian txartela hartu, eta aurrera jarraitu dugu. Berehala, 41. kilometroan, lanak topatu ditugu berriz. Auto ilarak sortu dira hor, bidea asfaltatzen ari direnez lerro bat guztiz itxita dagoelako, Meagako tuneleraino. Kilometro eta erdiko zati horretan orduko 40 kilometrotik ezin pasatu. Pixka bat aurrerago -Zumaia inguruan- lanak daude berriro, baina Donostiarako bidean bakarrik dago lerro bat itxita.

Hurrengo zatia nahiko lasaia izan da, eta autoaren abiadura handitzeko aukera izan dugu tarte handi batez. Hain zuzen ere, 67. kilometroan Elgoibar ingurura iritsi arte. Leku horretan, lerro bat itxita aurkitu dugu, eta abiadura muga.

Bizkaiko muga igaro, eta Berriz inguruan lerro bat itxita egoteaz gain, autoak beste norabidera joatera behartu dituzte. Horrelakoetan, mantso-mantso ibili behar izaten da. Bide seinaleak garbi azaltzen du muga: 60 km/h.



BIZKAIAN, HIRUGARREN LERROA. Durangoko ordaintokian 7,10 euro ordaindu eta berehala, abiadura murrizteko beste agindu batekin egin dugu topo. Hamar kilometroko autobide zatian hirugarren lerroa egiteko lanean ari dira hondeamakinak eta langileak. Errepidea ez dago Orio eta Aritzetako tartean bezain gaizki, baina, badaezpada ere, erne ibili behar da.

96,5. kilometroan lanak amaitu dira, eta tarte labur batean autobide batetik goazelako irudipena har daiteke, eta autoak 100 kilometro orduko abiadura gaindi dezake, modu erosoan.

Bost kilometro aurrerago, baina, lanean ari dira langileak. Galdakao herritik hurbil hasten diralanak, eta Basauri parean Ibaizabal ibaiaren gaineko zubia igaro arte iraun dute. Zati horretan hirugarren lerroa egiteko lanak amaitzen ari dira, baina oraindik azken ukituak ematen ari dira.

Malmasingo tunelean sartu, eta Bilbon izan ohi den ibilgailu joan-etorri handiarekin topatu dugu. Ez dago istripurik, eta traba handirik gabe egin dugu aurrera.

Barakaldora heldu gara, eta erlojuari erreparatu diogu: 11:36. Ia ordu eta erdi behar izan dugu 120 kilometroko tartea egiteko; alegia, 83 kilometro orduko batez besteko abiadura erabili dugu BehobiatikBarakaldoraino. Zortea izan dugula pentsa daiteke. Izan ere, bidean ez dugu ez istripu ez auto ilara handirik aurkitu. Alegia, hango eta hemengo herrilanak izan dira bidean aurkitutako traba bakarrak.



 

Zenbakia

300



Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bidegi azpiegitura agentziak hitzarmena egin dute Europako Inbertsio Bankuarekin, 300 milioi euroko bi mailegu eskuratzeko. Hain zuzen ere, errepideak eraiki eta foru zorra berrantolatu nahi du Aldundiak diru horrekin. 30 urteko epea izango dute maileguko dirua itzultzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.