Eleak mugimenduak zabaldu duenez, atxilotu egin dute Naroa Ariznabarreta. Eibarren atxilotu du Espainiako Polizia Nazionalak, etxetik irten denean. Senide batek lagunduta atera da kalera gaztea, eta Poliziak auto baten sarrarazi du. Donostiako polizia etxera eraman dute, eta Martuteneko espetxean kartzelaratu dute gero.
Donostiako Epaitegiko epaile batek emana zuen Ariznabarreta atxilotzeko agindua. 2007an A-8 errepidea itxi zuten Ariznabarretak, Ainara Ladronek, Aritz Azkonak, Saioa Zerain eta Asier Alberdik, eta atzoko zuten finkatua epaiketaren hasiera; lehen hirurak, ordea, ez ziren agertu auzitegira.
2007ko otsailean egindako desobedientzia ekintza batean du jatorria auziak. Elkarri kateatuta, A-8 errepidea itxi zuten bost gazteek Zarautz parean (Gipuzkoa), Espainiako auzitegiek Segi gazte erakundea "terrorista" izendatu izana salatzeko. Auzipetuek azaldu izan dute bi helburu bete nahi zituztela: euskal gazteriak militantzia politikorako duen eskubidea aldarrikatzea, eta Espainiako Auzitegi Gorenak Segi "terrorista" izendatzeak ekarriko zituen ondorioak salatzea.