Espainiako auzitegiek Segi gazte erakundea "terrorista" izendatu zutela salatzeko, A-8 autobidea itxi zuten hainbat gaztek 2007ko urtarrilaren 13an. "Desordena publikoak" egitea egotzita, Asier Alberdi, Saioa Zerain, Aritz Azkona, Naroa Ariznabarreta eta Ainara Ladron gazteak epaitzekoak ziren gaur Donostiako Epaitegian, baina Azkona, Ariznabarreta eta Ladron ez dira azaldu auzitegira. Hala azaldu du erabakia Ladronek, haren aurkako atxilotze aginduaren berri izan ondoren: "Aurreikuspen bat egin genuen, eta aurreikuspen horiek hirukoiztu dira, ehunka gazte atxilotu eta epaitu dituzte Segi terrorista izendatzeagatik. Nahiz eta guk esandakoa bete, hori salatzeagatik epaiketa batean gaude. Orain esaten dugu epaitegia ez dela nor gu epaitzeko, ez duela zilegitasunik".
Azkona, Ariznabarreta eta Ladronen bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman du epaileak, baina "bizimodu normala" egiteko asmoa agertu dute gazteek. Ladron: "Guk uste dugu desobedientzia egiteko modu ezberdinak daudela, eta ez agertzea erabaki genuen, ez egitea kasurik emandako aginduei, eta jarraitzea gure bizitzekin. Joango gara lanera, klasera, jarraituko dugu gure familiekin, gaur egongo gara gure herrietako mobilizazioetan...".
Gaur, 19:00etan, mobilizazioak izango dira Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, Eibarko Untzaga plazan, Arbizun, Arrietan eta Deustun (Bilbo). Elgoibarren, 19:30ean bilduko dira. Parte hartzeko deia egin die Ladronek herritarrei, bai gaurkoetan, baita aurrerago egon litezkeenetan ere.
Desobedientzia, "herria eraikitzeko"
Bost gazte horiei auzi horrengatik auzitara deitzen dieten laugarren aldia da gaurkoa. Aurretik hiru bider atzeratu dute epaiketa. Lehenengoan, ertzain lekukoen identifikazio okerragatik atzeratu zuten; bigarrengoan, hiru auzipetu ez zirelako agertu atzeratu zuten, haiek atxilotzeko agindurik eman gabe; hirugarrengoan, zitazioetan oker bat zegoela esanda atzeratu zuten, nahiz eta ez zen hala izan. Ladronen esanetan, "garaipen bat" izan da bederatzi urtez epaiketa baldintzatu izana. Bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du fiskalak guztientzat.
Desobedientzia, "erasoei erantzuteko" ez ezik, "herria eraikitzeko" tresna dela nabarmendu du auzipetuak. "Tresna bat da herriak daukana, eta sekulako potentziala daukana. Izan ere, gaur egun oraindik Espainiako eta Frantziako estatuek lehengo gerra estrategian jarraitzen dute, eta ez dute uzten Euskal Herri aske gorri eta feminista bat eraikitzen".