osasuna

A gripea zeukan 64 urteko gizonezko bat hil da Bizkaian

Gaixotasunaren ondorioz Euskal Herrian zendu den bigarren laguna da. Iparraldean gaur hasi dira gripearen aurkako txertoa ematen; Hegoaldean astelehenetik aurrera. Jaularitzak dio "segurua" dela txertoa, eta medikuei "gizartearentzat berriemaile txarrak" izatea egotzi die.

2009ko azaroaren 12a
13:42
Entzun
A/H1N1 gripearen ondorioz bigarren pertsona hil da Euskal Herrian: 64 urteko gizonezko bat, Bizkaian. Familiak hala eskatuta, ez dute hildakoaren izen-abizenen berri eman.

Jesus Maria Fernandez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak esan duenez, urriaren 30ean joan zen gizon hura erietxera, A gripea zeukala esan zioten medikuek eta etxera itzuli zen. Hurrengo egunean berriro joan behar izan zuen ospitalera, ondoezik zegoelako, eta harrezkero bertan egon da. "Defentsa baxuak" zituen, Fernandezen arabera.

Euskal Herrian irailaren 29an zendu zen lehen pertsona A/H1N1 gaixotasunagatik: 74 urteko Elizondoko (Nafarroa) gizonezko bat.

Duela egun batzuk Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, azken asteetan igo egin da A/H1N1 gripearen kutsatze maila Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 100.000 biztanleko 550-600 lagun gaixotu dira. Edozer dela 900 47 47 32 telefono zenbakira deitzeko dio Jaurlaritzak; 32 hizkuntzatan ematen du zerbitzua.

Ipar Euskal Herrian gaur hasi dira gripearen aurkako txertoa ematen. Hegoaldean astelehenean ekingo diote, eta Rafael Bengoa Jaurlaritzako Osasun sailburuak azpimarratu du EAEko txertoa "segurua" dela, hainbat medikuk esan dutenaren aurka. "Oker dira medikuak eta gizartearentzat berriemaile txarrak dira".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.