A/H1N1 gripearen birusaren ondorioz gaixorik zen 74 urteko gizon bat hil egin da Iruñean, egoerak okerrera egin ondotik. Gaitzagatik Euskal Herrian gertatu den lehen heriotza da.
Maria Kutz Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak adierazi du gizonezkoa irailaren 15ean Nafarroako erietxean ospitaleratu zutela eta ordutik, arta intentsiboko gunean egon dela. Kutzek ez du zehaztu gizonezkoak zein gaixotasun zuen.
Nafarroan hiru lagun daude ospitalean A/H1N1 gripeak jota, guztiak plantan daude. Uztailaren 14an ospitaleratu zuten lehen gaixoa Nafarroan. Ordutik 63 gaixo ospitaleratu dituzte, eta horietatik 54 plantan egon dira eta bederatzi arta intentsiboko gunean. Birusak jota Nafarroan ospitaleratu dituzten pertsonen bataz besteko adina 37 urtekoa da. Gaixo gehienak 15 eta 44 urte artekoak izan dira.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak lehengo astean zioen sei direla A/H1N1 gripearen ondorioz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan ingresatuta dauden gaixoak: bina Txagorritxun (Araba) eta Donostia Ospitalean (Gipuzkoa) eta bana Basurtun eta Gurutzetan (Bizkaia).
Txertoak
Europako Botiken Agentziak oniritzia eman zien lehengo astean A/H1N1 gripearen aurkako bi txertori: 'Focetria' eta 'Pandermix' izenekoei. Horrenbestez, Europako Batzordeak onartzea baino ez da falta, merkaturatu ahal izateko. Ziurrenik, datozen egunetan jasoko dute baimena.
Pandermixen kasuan haurrek, adinekoek eta haurdun dauden emakumeek bi dosi hartzea gomendatzen du Europako Botiken Agentziak. Dosi batetik bestera hiru hilabete igaro behar dira.
OME Osasunerako Mundu Erakundeak hilaren 25 aurretik jakinarazitako datuen arabera, 3.917 dira A/H1N1 gripearen ondorioz munduan hildako lagunak; kutsatutakoak, berriz, 318.925. Hildako eta kutsatu gehien Amerikan izan dira. Dena den, OMEk gogorarazi du kasuak gehiago izan daitezkeela. Izan ere, hainbat herrialdek kasuak kontatzeari utzi diote pandemiaren eragina txikia baita. Beraz, zaila da kasu kopurua zehaztea.
Hilaren 24an hasi zuten ohiko gripearen aurkako txertatze kanpaina Frantziako Errepublikan, eta Francois Fillon lehen ministroak jakitera eman zuenez urri erdialdean hasiko dute Frantzian A/H1N1 gripearen aurkako txertatze kanpaina. Erresuma Batuan gaur hasi dira txertookin.
gizartea
A gripearekin 74 urteko gizon bat hil da Iruñean, Euskal Herriko lehendabizikoa
Irailaren 15ean ospitaleratu zuten eta ordutik arta intentsiboko gunean egon da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu