Zorrak eta estatuen bonuak bakarrik ez, konpostaren kalitatea ere neurtzen da, eta Gipuzkoan egiten dena A klasekoa da. Lapatxeko konpost plantako kudeatzaileak, Armengol Grauk, horrela esan zien atzo bisitan joan ziren herritarrei —Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak antolatu zuten bisita—. Kalitate goreneko ziurtagiria iaz jaso zuen Lapatxeko konpostak, nahiz eta badituen bi baldintza gogor. Batetik, Gipuzkoako hondakinek ur asko eta PH azido asko dute, eta horrek zaildu egiten du konpostatzea. Bestetik, Lapatxeko planta urtean 2.5000 tona materia organiko hartzeko eraiki zuten. Gipuzkoak aise gainditu du kopuru hori: iaz 6.000 tona hondakin organiko bildu ziren. Planta ez da gai bildutako materia organiko guztia tratatzeko, eta horrek prozesua bizkortzera behartzen du. Partzuergoak neurriak ere hartu ditu: Itsasuko (Lapurdi) eta Caparrosoko (Nafarroa) konpostatze plantetara bidaltzen hasi da Gipuzkoako materia organikoa. Eta Bergaran beste konpostatze planta bat eraikitzen hasiko da laster.
Konpostaren kalitate ona bilketari eta kontrol neurriei zor zaie, Grauk dioenez. Lapatxeko plantan ez dira %5era iristen materia desegokiak (beirak, paperak, plastikoak...), eta bukaeran sortzen den produktuak ez ditu ez metal astunak ez bakterioak. «Trukoa»: lehengaia. Imanol Azpiroz Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko kideak, berriz, bilketa selektiboaren garrantzia nabarmendu du.
Eta bilketa eredu eraginkorrena, bai kantitatez, bai kalitatez, atez atekoa dela erantsi du Azpirozek. Bosgarren edukiontzia, giltzaz itxia, borondatezkoa den herrietan, 10-12 kilo materia organiko biltzen dira urteko eta biztanleko. Atez ateko bilketa egiten den herrietan, 80 kilo jasotzen dira urteko eta biztanleko. Eta oharra utzi du Azpirozek, Lapatxeko konpostatze plantak aldamenean duen zabortegira seinalatuz: «Bereizita biltzen ez dugun guztia horra doa, eta zabortegiekin arazo handia ari gara sortzen».
Europako Batzordeak, 1999az geroztik, debekatua du zabortegietara gai biodegragarriak botatzea (papera, egurra, biomasa...). Grauk ohartarazi du Europako araudia urratu egiten dela, bai Euskal Herrian, bai Espainian, bai Katalunian. San Markokoa itxi ostean, hiru zabortegi gelditzen dira zabalik Gipuzkoan: Urteta, Lapatx eta Sasieta. Hirurak 2014an ixtekoak dira. Zabortegiak konponbide «faltsua» direla erantsi du Grauk, merkeagoa izan arren metano gasa sortzen dutelako, eta horrek berotegi efektuari eragiten diolako: «CO2 baino okerragoa da metanoa».
Udalentzat tarifa merkeagoak
Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa konpostatzea bultzatzeko neurriak hartzen hasia da, horregatik. Azpirozek azaldu du partzuergoak hondakinen kudeaketarako tarifak aldatu dituela urte hasieratik, udalentzat merkeago izan dadin hondakinak konpostatzera eramatea, zabortegira eramatea baino: zabortegira sartzen den tona bakoitzarengatik 130 euro ordaindu behar dute udalek; konpostatze plantara bidalitako tona bakoitzarengatik, 70 euro. Orain arte, konpostatzeagatik, tonako 96 euro kobratzen zituen Lapatxek; inguruko tarifarik garestiena zen.
Gipuzkoako hainbat herritan hondakinak atez ate biltzen hasteko asmoa dagoenez, datozen bi urteetan konposta egiteko materia organikoa ugaritzea espero du partzuergoak, eta horretarako prestatzen ari da. Bergarako planta berriarentzat, esperientzia garrantzitsua da Lapatxekoa. Grauk zehaztu duenez, gaur egun ez lituzkete Lapatxen danborrak jarriko. Konpostatzearen lehen urratsa bizkortzeko jarri zituzten danborrak; baina ez dute behar besteko kapazitaterik, eta ez dute esperotako eraginkortasunik ere.
Astean 120 bat tona materia organiko iristen dira Lapatxera, atez ate bildutakotik, bosgarren edukiontzietan bildutakotik, eta sortzaile handietatik (hipermerkatuak eta). Hiru fasetan egiten da konposta: lehenik, organikoa egituratzailearekin nahasten da —inausketak erabiltzen dira batik bat—. Gauzak ongi egiteko bidean, Azpirozen arabera, organikoa eta egituratzailea makina batekin nahastu behar lirateke, hobeto trinkotzeko, baina Lapatxek ez du horretarako tresnarik.
Hiruzpalau egunen buruan, danborretan sartzen da, eta umotzen hasia dagoen konpostarekin nahasten da. Danborretan lurrunari eutsi eta tenperatura eta hezetasuna kontrolatzen dira, eta biratu egiten dira konpostak airea har dezan. Organiko gehiegi pilatzen denean, ordea, danborretatik pasatu gabe jarraitzen du prozesuak, motelagoa den arren.
Segidan, ilaraka antolatzen da konposta, txondor luzetan, beti tenperatura eta hezetasuna kontrolatuz. Konposta ondo umotzeko, sei bat hilabete behar dira; baina Lapatxeko konpostak oraindik badu usainik, eta bero egoten da. Horrek esan nahi ez dela erabat umotu. «Gustatuko litzaiguke produktua umotuagoa ateratzea, baina ez dugu denbora eta leku nahikorik planta honetan», azaldu du Grauk. Prozesua bukatzeko, bahe batetik pasatzen da konposta, egituratzaile zatiak eta bestelako gaiak bereizteko.
Kilo batetik, 200 gramo
Lapatxeko konpostatze prozesua aerobioa da guztiz; oxigenoaren laguntzarekin egiten dela esan nahi du horrek. Materiak oxigenorik hartu ezean, gelditu egiten da konpostatzea. Horregatik, umotzeko fasean, nahastu egiten da konposta makina batekin. Eta hor askatzen dira lurruna; usain gehien ere orduan sortzen da. Bergarako konpostatze plantarako, hori izango da beste ikasgaietako bat, beraz: lurrunari eusteko modua bilatzea.
Ur lixibiatuak dira beste kutsadura iturria. Materia organikoaren kilo bakoitzeko 200 gramo konpost sortzen dira. «Zer gertatzen da beste 800 gramoekin?», galdetu du Grauk: lurrun eta ur lixibiatu bihurtzen dira. Hondakinek askatutako hezetasun eta likido kutsatuak dira ur lixibiatuak. Lapatxen aparte jaso, eta ondoko hondakindegiko ur lixibiatuekin batera arazten dituzte.
Teknologia eta aldagai asko aintzat hartu behar, baina, azkenean, Grauk azaldu duenez, «mikroorganismoek egiten dutena lagundu» besterik ez dute egiten.
A klaseko konposta
Gipuzkoako hondakinek hezetasun handia duten arren, eta Lapatx txiki gelditu den arren, kalitate handieneko konposta sortzen du Azpeitiko plantak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu