Bilbotar batek errepide kontrol batean Espainiako Poliziaren kolpeak eta mehatxuak jaso dituela salatu du gaur AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Ostegunean izan zen ustezko gertaera, hura Busturia aldera autoan zihoala. AAMren arabera, Autzaganeko mendatean Espainiako Poliziak kontrol batean gelditu egin zuen, autotik atera eta atzealdearen aurka jarri zuen, eta miatzeari ekin zioten.
"Miaketa kalez jantzitako bi polizia kaputxadunek egin zioten. 'Nork erre du?', galdetu zuen polizia batek, eta une horretan gaztearengana joan, burutik heldu eta autoaren aurka hiru kolpe eman zizkion", dio AAMk, prentsa oharrean.
Ondoren gaztea galdekatzeari ekin zioten, aurreko egunean Kukutza Bilboko Errekaldeko gaztetxean izandako gertaeren harira, AAMk dioenez. "Gazteari esan zioten bazekitela Errekaldeko istiluetan ibili zela eta ea zaborrontziak berak erre zituen galdezka hasi zitzaizkion. Honek erantzun zien bera ez zela Errekalden izan. Beste bi kolpe eman zizkioten buruan. Une horretatik aurrera poliziek bi aukera eskaini zizkioten: zaborrontziak erretzen nor ibili zen esateko eta lanera joango zela, edo bestela, atxilotu eta polizia etxera eramango zutela handik. Gazteak uko egin zion xantaian sartzeari. Egoera hori bost edo sei aldiz errepikatu zen. Azkenean kontroletik alde egiten utzi zieten".