Abantailarekin heldu dira EAJ, EA eta Aralar Vitaleko karguak aukeratzeko momentura

PPk irabazi du bezeroen bozketa, baina ez du lortu bat-egitea blokeatzeko adina batzarkide

Ivan Santamaria.
2008ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Abantailarekin baina gehiengo osorik gabe iritsiko dira EAJ, EA eta Aralar Vital Kutxako zuzendaritza organoak berritzeko batzar orokor erabakigarrira. Martxoaren 30eko bilkuran 39 batzarkideren babesa ziurtaturik dauka hautagaitza abertzaleak. Atzean geratu dira PPk (25 batzarkide) eta PSE-EEk (22) eratutako taldeak.

Zortzi urteren buruan, EAJk eskura du finantza erakundeko agintea berriro eskuratzeko aukera. Eta baliteke 39 batzarkide nahikoa izatea gutxiengoan gobernatzeko. Aukera horri bidea ixteko, beharrezkoa izango litzateke PPk eta PSE-EEk azken hilabeteotako ezadostasunak alde batera uztea eta berriro ere kutxako agintaritza partekatzeko akordioa iristea.

Igandean, bezeroei batzarrean dagozkien 43 eserlekuak banatzeko hauteskundeak egin ziren. Horietatik 21ek martxoaren 30ean hartuko dute batzarkide kargua. Vital Si plataformak bat-egitearen aurkako sentimenduari etekina atera zion, eta botoen %35 eskuratu zituen. Bigarren EAJ, EA eta Aralarrek sustatu duten hautagaitza izan zen, Bertatik, %20rekin. Gregorio Rojo egungo presidentea babesten duen taldea, Aniztasunaren Aldeko Plataformak, bozketako galtzailea izan zen, nabarmen. Hirugarren geratu zen eta bakarrik botoen %12 lortu zituen. CCOO eta LAB sindikatuek sustatu zituzten hautagaitzek eta bi zerrenda independenteek ere ordezkaritza txikia izango dute.

Garaipenarekin bezeroek kutxen bat-egiteari «ezezko borobila» eman diotela aldarrikatu dute Vital Si-k eta PPk. Haatik, bezeroek aukeratu beharreko taldean argi eta garbi irabazi izanak ez die kutxaren integrazioa blokeatzeko adina ordezkaritza ematen. Gutxienez, 34 batzarkide behar zituzten helburu hori betetzeko, eta ez dira 25etik pasatu.

Orain, administrazio kontseilua eta kontrol batzordearen erdia ordezkatzeko negoziazioak abiatuko dira. Zerrenda guztiek elkarren artean hitz egiteko borondatea agertu dute, baina martxoaren 9ko Espainiako hauteskundeak igaro arte ez da mugimendurik espero.

Galtzaile atera arren, gehiengoen giltza izan dezake Rojoren aldeko taldeak. Oraingoz, kutxaren egonkortasuna lau urtez bermatuko duen akordioa lortzen saiatzeko prest daudela aurreratu du Antonio Riverak, plataformako eledunak.



«Egokiena Vital Kutxaren egonkortasuna datozen lau urteetarako bermatuko duen ituna saiatzea da»

antonio rivera
aniztasunaren aldeko plataforma
«Vital Si-k bozketa irabazi du, eta bezeroek argi eta garbi esan diote ezetz kutxen bat-egiteari»

miguel garnica
Vital Si plataforma




jose luis lopez iturritxa Bertatik plataformako zerrendaburua

«Bezeroen ordezkarien bi herenek batzearen aldekooi eman digute botoa»

i. s.

Gasteiz

Bezeroen ordezkariak aukeratzeko bozketan bigarren atera zen Bertatik, EAJ, EA eta Aralarrek eratu duten plataforma. Hala ere, alderdi horiek dute, oraingoz, babes gehien ziurtatua zuzendaritza karguak berritzeko martxoaren 30ean egingo den batzar orokor erabakigarrirako.



Bezeroen ordezkariak aukeratu ondoren, zein gogoeta egiten duzue Bertatik hautagaitzakook?

Esan genezake oso parte-hartze handia izan dela, %82koa, eta inoiz baino hautagaitza gehiago aurkeztu direla, zazpi. Vital Si plataformak eta PPk euren garaipena aldarrikatzen dute, eta egia da irabazi dutela, baina 43 batzarkideetatik soilik hamabost lortu dituzte.

Vital Si-k eskuratu du boto gehien, kutxen bat-egitearen aurkako mezuarekin. Hala ere, beste sei hautagaitzek ez dute bat-egitea errefusatu, eta ordezkarigehiago izango dituzte batzarrean. Botila erdi hutsik edo erdi beteta ikusten duzue?

Argi dago PPk bat-egiteaz entzun ere nahi ez duten ezarle guztiak bildu dituela. Baina horiek heren bat baino ez dira. Benetako mezua da bezeroen bi herenek bat-egitearen alde dauden zerrendei eman dietela botoa.

Batzar orokorrean 39 batzarkide izango dituzue. Zer espero duzue?

Babes horixe daukagu, beste hautagaitza guztiena baino nabarmen handiagoa. Kontuan hartu behar da, gainera, lau zerrenda independenteen eraginez botoa asko zatitu dela. Aliantzarik ez balego, gutxiengoan gobernatzeko aukera izan genezake, baina uste dut guztiekin hitz egin beharko dugula, eta, batez ere, geure tesietatik hurbilen daudenekin.

Oraindik PSEk eta Gregorio Rojok bultzatzen duten plataformarekin akordioa lortzea posible ikusten duzu?

Bai, noski. Ez dago ezer erabakita. Uste dut martxoaren 9ko hauteskundeen emaitzak ere aukerak zabaldu edo murriztuko dituela, baina guk, printzipioz, ez dugu inor baztertuko Arabarentzat eta Euskadirentzat onena lortzeko.Bat-egiterik gabe igarotzen den hilabete bakoitza Vitaleko ustiapen kontuak sufritzen du, krediturako duen gaitasuna agortu delako, eta beste entitateekin aritzea behar duelako merkatu garrantzitsuagoetara sartzeko eta operazio handiagoak egin ahal izateko. Vitalen erroak hemen egotea eta markari eustea nahi dugu, baina bat-egiteko sinergiaren onura galdu gabe.

Nor aurkeztuko duzuen presidentegai erabaki duzue?

Alderdien arteko negoziazioari dagokion kontua da. Kutxako lehendakari izateko gaitasun osoa duten pertsona batzuk baditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.