Gogoeta egiteko eskatu dute Gernikako (Bizkaia) hainbat taldek: sexu erasotzaileei zigorra barkatuta zein mezu zabaltzen den. Paul Abasolo futbolariaren indultuak batu ditu: herriko hiru andreri sexu erasoak egiteagatik, espetxe zigorra jarri zioten, baina Espainiako Gobernuak barkatu egin dio. Erabakia bidegabea dela salatu dute Gernikako eragileek, eta Madrili leporatu diote sexu erasoei «atea irekitzea». Indultua mezu okerra dela ohartarazi dute: «Emakumeei eraso egiteak ondoriorik ez duelako ideia zabaltzen dute mota horretako erabakiek».
Azken gobernu bileran eta erabakiaren berri jakinarazi gabe, Espainiako Gobernuak zigorra barkatu zion Paul Abasolo futbol jokalari eta sexu erasotzaileari, PSOE zelarik agintean. Hiru urte eta erdiko espetxea jarri zioten, eta Madrilgo gobernuak bi urtera jaitsi zion; hala, aurrekaririk nola ez baitzeukan, kartzelatik libratu zuen PSOEk. Espainiako Justizia Ministerioan propio galdetuta ere, uko egin zioten indultua emateko arrazoiak jakinarazteari.
Bost andreren salaketengatik atxilotu zuten Abasolo. Kalean, egun argiz eraso zien, 2006an eta 2007an. Epaiketan, batek atzera egin zuen, eta beste batek ez zuen ezagutzerik izan. Hiruk «zalantzarik gabe» ezagutu zuten, eta kasu horiengatik zigortu zuten, nahiz epaileek onartu laugarren kasuan ere zantzu argiak zeudela.
Emakume haien egoera hartu zuten gogoan atzo Gernikan, bat egin duten eragileen agerraldian. «Guk ez ditugu emakumeak bakarrik utzi nahi. Erasotzaileek ez dezatela pentsatu zigorrik jaso gabe joka dezaketenik». Hori bera salatu du Abasolok eraso zion emakume batek: «Nire eskubideak non dira? Ezin naiz lehen bezain lasai bizi», esan dio oraindik orain Busturialdeko Hitza-ri.
Erasoa pairatu zuen andreak adierazi du espero zuela Abasolok espetxe zigorra ez betetzea: «Familia boteretsua da, eta susmoa neukan diruagaz dena estaltzen saiatuko zirela». Gernikako eragileek alde horri ere erreparatu diote, eta erasoen ondorioak berdinak direla gogorarazi dute, erasotzailea era batekoa edo bestekoa izan: «Erasoek ez dute estatus ekonomikorik, ez arrazarik».
Erasoak egin zituenean Real Union taldeko jokalaria zen Abasolo, eta atxiloketak zeresan handia jarri zuen. Aurrez beste hainbat taldetan aritua zen futbolean; besteak beste, Athleticen, gazte mailan. Kasuak zalaparta eragin zuen komunikabideetan, eta haien jarrera ere salatu dute Gernikako eragileek; haien esanetan, hedabideek «babes mediatikoa» eman diote sexu erasotzaileari.
Salatu dute Abasolok jasotako «babes politikoa» ere. Espainiako Gobernuak indultua eman izana «kezkaz» hartu dute Gernikan: «Sinestezina da sexu erasotzaile bati babes politikoa eman izana». Alderdi politikoen artean apenas izan den Madrilgo gobernuak hartutako erabakiaren aurkako adierazpenik eta kontu hartzerik. Aipagarriena, Durangoko (Bizkaia) PSE-EEko udal taldearena: alderdiak gobernuan zenean hartutako erabakia «lotsagarria» dela esan zuen, eta erabakiaren aurka egiteko eskatu zion udalari. Durangarra da Paul Abasolo.
Erasotzaileak «baztertzea»
Erasoak egin zituen herrian, Gernikan, «larrituta» daude indultuak izan dezakeen eraginaz, eta «erantzun beharra» sentitu dutela azaldu dute 29 eragilek, elkar hartuta. Erasoei aurre egin behar zaiela nabarmendu dute. «Gernikako kaleetan emakumeak libre eta segurtasun osoz ibiltzea nahi dugu», diote adierazpen batean. Sindikatuak, kultur taldeak, emakumeenak eta beste hainbat bildu dira, eta parte hartzeko deia zabaldu dute.
Neurriak jartzea dute helburu, emakumeen aurkako erasorik izan ez dadin. Udalari eskatu diote «arduraz» jokatzeko, eta hartzeko neurriak gisa horretako erasoen aurka. Salatu beharra ere nabarmendu dute, eta horretarako konpromisoa hartu dute: «Gernikan ez dugu onartuko inolako indarkeria sexistarik», ohartarazi dute sinatzaileek.
Erasotzaileen aurkako neurriak galdegin dituzte, gainera. Sexu erasoak egin dituztenak Gernikako guneetatik «baztertzea» nahi dute, eta, horretarako, proposamenak egingo dizkiete tabernariei, dendariei eta udalari.
Abasolori zigorra barkatuta sexu eraso gehiago izateko bidea jarri dela salatu dute
Hiru sexu erasorengatik zigortutako futbolariari espetxe zigorra barkatu izanaren aurka batu dira Gernikako 29 eragile
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu