Alferrikako Lanen Aurkako Europako Eguna izendatua dute abenduaren 11. Hainbat ekimen antolatzekoak baitituzte egun horretan Europan gaindi. Urtarrilaren 23an, AHTaren aurkako manifestazio jendetsuan Hendaiako Karta izenpetu zutenen artean antolatu eguna da (www.11-12-2010.eu). Euskal Herriari dagokionez, Baionan dute finkatu manifestazioa. Beste ekimenen artean, Frantzian bi izanen dira: bata, Limogesen; bestea, Girondan. Alemanian ere biltzekoak dira Stuttgart S 21 proiektuaren aurka, eta Italian ere bilduko dira, No TAV lelopean.
Baionakoa Laugatik abiatuko da, 15:00etan. AHTrik ez lelopean, ezetz erran nahi diote ondare eta diru xahutzeari, eta, aldi berean, baietz «ohizko trenbidearen arramoldatzeari, auzoen bizi moldearen errespetuan». Hainbat egiturak sostengatu dute manifestazioa, eta dokumentu bateratua atera dute. Ingurumenaren defentsarako elkarteen batzorde CADEkegin du deia, baina bertze hainbat talde dira sostengaitzaile. Eta interesatu orori egiten diote deia. Hautetsiekin batera koordinatua duten manifestaldia da. Aitzinean izanen dira horiek, eta manifestaldia bururatzerakoan hitza hartzekoa dute.
Traktoreak aitzinean
Hautetsiak aitzin, traktoreak izanen dira lehen lerroan. Joan den urtarrilean Hendaian egin bezala. Laborariak nehoiz baino haserreago baitira, atzo goizean manifestazioa aurkezteko egin prentsaurrekoan azaldu zutenez. Horien artean zen Ttotte Elizondo, AHTaren proiektuak lehertzen dituen lurretan dauden laborarien bozeramailea. Haserreaz gain, proiektua dela eta beldurra ere sentitzen dutela azaldu zuen Elizondok: «Kalte ordainek, edozein izanik ere, ezingo dute gure lan tresna, gure lana ordezkatu». Orotara, 150 bat etxalde kaltetuko ditu proiektuak, 450 bat hektarea.
Eta horren aurka, aroa hobetuko delarik hastear dauden zundaketak gelditzeko prest daudela abisatu zuen, elkartasuna eta traktoreak dituztela «arma bakar» eta horien erabiltzeko prest daudela. «Non-nahira joanda ere, beren bidean aurkituko gaituzte», gaineratu du laborariak. Zundaketak ez badituzte hasi ere, zundaketen enpresa zundatu beharreko eremuetako herritarrak deitzen hasia dela azaldu zuten. Harreman batzuetan oldarkorrak izan direla esan zuten, eta mehatxukorrak.
Horretaz gain, AHTari buruzko herriz herriko informazio bilkurak egiten ari dira oraindik ere. Ostiral honetan, Azkainen (Lapurdi) eta Donapaleun (Nafarroa Beherea) izanen dira.
Abenduaren 11n AHTaren aurka egitera deitu dute
Manifestazioa egingo da Baionan; Alferrikako Lanen Aurkako Europako Eguna denez, ekimen ugari izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu