Abenduaren 12an egingo dute Eusko Jaurlaritzako lehendakaria aukeratzeko bilkura Eusko Legebiltzarrean. Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidenteak eman du dataren berri. Bi hautagai aurkeztuko dira: Iñigo Urkullu EAJren izenean, eta Laura Mintegi EH Bildurenean.
Gaur egin dute Eusko Legebiltzarreko aurreneko osoko bilkura, bateraezintasun batzordeak ebatzitakoa onartzeko. Hautetsi batek ere ez duela karguen bateraezintasun arazorik ondorioztatu zuen batzorde horrek.
Hilaren 12an bozkatuko dute, eta hautagaietako batek ez badu gehiengo absolutua eskuratzen, hurrengo egunean bozkatuko dute berriro. Gehiengo sinplea beharko dute bigarren bozketan. EAJk 27an ordezkari ditu Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk 21, eta, beraz, litekeena da Urkulluk 13an eskuratzea behar duen gehiengoa Jaurlaritzako lehendakari izateko.
Abenduaren 7an amaituko da hautagaitzak aurkezteko epea, goizeko bederatzietan. Hautagaiek ordu eta erdi izango dute euren egitasmoak azaltzeko.