egunkaRIA AUZIA

Abenduaren 14an hasiko da 'Euskaldunon Egunkaria'-ren aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean

Hurrengo egunean segituko du, baina gero urtarrilera arte atzeratuko dute. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga dira auzipetuak, eta 12 eta 14 urte arteko kartzela zigor eskaerak egin dituzte haien kontra. AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioek baino ez dituzte eskatu zigorrak. 2003ko otsailaren 20an itxi zuen Guardia Zibilak euskarazko kazeta, Juan del Olmo epailearen aginduz.

2009ko azaroaren 25a
20:32
Entzun
Abenduaren 14an hasiko da Euskaldunon Egunkaria-ren itxierari buruzko epaiketa, Javier Gomez Bermudez Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak jakinarazi duenez. Madrilen izango da, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Lehen egunean (astelehena) goizez eta arratsaldez egingo dituzte saioak auzitegian, eta hurrengo egunean jarraituko dute, goizez. Ondoren, urtarrilera arte atzeratuko dute -epaimahaiak ez du egunik zehaztu-.

Epaimahaiak lehendabizi bost auzipetuak hartuko ditu: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga -ETAko kide izatea egozten die-. Ondoren izango da preso dauden lekukoen txanda, beste lekukoena...

Zigor eskaerak

Joan Mari Torrealdai. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa eskatu dute haren aurka.

Iñaki Uria. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Txema Auzmendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Martxelo Otamendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Xabier Oleaga. 12 urteko espetxealdia eta 14 urteko inhabilitazioa (14 urte, AVTren eskaeran).

Ia zazpi urtera epaiketa, fiskalaren artxibo eskaera kontuan hartzeke

Egunkaria itxi eta ia zazpi urtera hasiko da, beraz, epaiketa. Hain justu, 2003ko otsailaren 20an itxi zuen Guardia Zibilak euskarazko kazeta, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Hamar lagun atxilotu zituzten orduan: Torrealdai, Uria, Auzmendi, Otamendi, Oleaga, Pello Zubiria, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen) eta Inma Gomila.


2006ko abenduaren 15ean Egunkaria ixteko arrazoirik eta deliturik ez zegoela aitortu, eta auzia ixteko eskatu zuen Miguel Angel Carballo Auzitegi Nazionaleko fiskalak.
 AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioek, aldiz, epaiketa egiteko eskatu zuten.



2009ko uztailaren 30ean Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko 2. Salako epaimahaia Egunkaria auzia epaitzearen alde agertu zen, eta epaiketa egin egingo dela zioen, hortaz. Zubiria eta Alegria ordura arte auzipetuta zeuden, eta kasutik kanpo utzi zituen epaimahaiak: aurrenaren kasuan iraungitutzat jo zuelako kasua eta bigarrenaren kasuan ETAko kide gisa lehen epaitu zutelako (18/98 auzia-n). Bost auzipetu geratu ziren, beraz: Torrealdai, Uria, Auzmendi, Otamendi eta Oleaga.



"Sekulan abandonatu ez gaituen euskal gizarteari bere laguntza, arnasa eta babesaren beharrean jarraitzen dugula esan behar diogu, hemendik epaiketara begira bereziki", adierazi zuten uztailaren 31n bost auzipetuek Andoainen egindako agerraldian. "Euskara sustatu izanaren errudun, euskal kultura sutsuki sustatu izanaren errudun, euskal komunikabidegintzan gartsuki jardun izanaren errudun... bai. Baina euskara sustatzeak, euskal kultura sustatzeak, euskal komunikabidegintzan jarduteak ez gaitu ETAkoak bihurtzen, tesi polizialak eta akusazio popularrak baieztatzen duen moduan".

Azkeneko asteetan Euskal Herrian hainbat ekimen eta elkarretaratze egin dituzte epaiketaren aurka eta auzipetuen alde. Etzi Baionan izango da bilkura, eta larunbatean Donostian jaialdi handia, Kursaalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.