Epaiketak

Abenduaren 20an kalera ateratzeko deia egin die herritarrei Gasteizko Harresiak

Madrilen epaitzen ari diren gazteei babesa adierazi eta "herritarren konpromisoak batu" nahi dituzte, "epaiketa politikoak behin betiko gelditzeko".

Gasteizko Harresiko kideak eta auzipetuak, gaurko agerraldian. RAUL BOGAJO / ARG. PRESS
2014ko azaroaren 12a
11:27
Entzun

Segiko kide izatea leporatuta Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren 28 gazteei babesa adierazi nahian, "beste pauso bat" eman nahi du Gasteizko Harresiak. Hala, abenduaren 20an antolatuko duten protestan parte hartzera deitu dituzte herritarrak, Gasteizko Eskoriatza-Eskibel jauregiaren parean egindako prentsaurrekoan.

Epaitzen ari diren gazteen egoeraren bilakaera azaldu dute agerraldian, "atxilotu, haietako asko inkomunikazio aldian torturatu eta gehienak espetxeratu" zituztela gogorarazteko. Aldi berean, fiskalak haietako bakoitzarentzat sei urteko kartzela zigorra eskatu duela azpimarratu dute. Gainera, datozen hilabeteetan Espainiako Auzitegi Nazionalean zein Euskal Herriko epaitegietan "epaiketa asko" egingo direla salatu dute.

Egoera horren aurrean, "herritarren konpromisoak batu" nahi ditu Gasteizko Harresiak, "epaiketa politikoak behin betiko gelditzeko". Protestara deitu dituzte herritarrak, eta "hainbat erantzun modu" izango direla adierazi dute, betiere, epaiketak amaitu eta "giza eskubide guztien aitortza bermatuko duen garai berri bati ekiteko" helburuz. Horretarako "modu bat" izango da abenduaren 20ko mobilizazioa. Herritarron Martxa izena jarri diote, eta Konpromisoak batuz, epaiketak gelditu! lelopean egingo dute. 18:30ean abiatuko da martxa, Gasteizko Artiumetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.