"ETAren kartzeletako fronteko" kide izatea leporatu zion Iñaki Goioagari Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascok ekainean, eta Auzitegi Gorenari igorri zion akusazioei buruzko informazioa, abokatua inputatzeko eskatuz —foruduna denez, Gorenean epaitu behar dute—. "Talde terroristako kide" izatea, "terrorismoa finantzatzea", ogasun publikoaren aurkako delitu bat egitea, Gizarte Segurantzari iruzur egitea eta kapitala zuritzea leporatu zioten. Gorenak onartu egin zuen eskaera irailean, eta abenduaren 2rako deitu du orain deklaratzera.
Goioagak salatu zuen "faltsuak" direla egotzitakoak, eta azaldu zuen lehen ere epaitu zutela arrazoi beragatik; absolbitu egin zuten. Prest agertu zen deklaratzeko, baina jazarpena salatu zuen: "Abokatuen kontrako diligentziak irtenbide polizialarekin bat ez gatozenen aurkako jazarpen ideologiko-politikoaren barne daude".
Auzitegi Nazionalean diharduten euskal abokatuek elkartasuna adierazi zioten Velascok haren aurka egin zuenean: "Goioagaren kontra egin dute bera delako, euskal presoak defendatzen dituen abokatua delako eta senataria delako".