40 gazte epaitzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean urriaren 14az geroztik, eta epaiketara ez agertzea erabaki zuten laurek. Haiek bilatu eta atxilotzeko agindua eman zuen epaileak, eta gordeta daude harrezkero.
Bideo bat plazaratu dute gaur, haien asmoaren berri emateko. "Goiz eta eguerdi partean, Durangoko kaleetan, tabernetan eta liburu eta disko azokako postuetan ibili nahi dugu. Zuokin batera, Durangoko giro zoragarriaz gozatu nahi dugu. Baina noski, ez dugu atxilotuak izan nahi, gure ekimena ez dugu amaitutzat eman nahi oraindik. Polizia atzetik dugu ordea", azaldu dute.
Jakinarazi dute mozorrotuta joango direla, baina beste horrenbeste egiteko eskatu diete herritarrei: "Gu soilik bagaude mozorrotuta, gureak egin du. Asko bagara ordea, haienak egin du".