ABERRI EGUNA. DEIALDI NAGUSIAK. Herria ikurrinaz janzten denean

Aberri Eguna ospatzeko hiru deialdi nagusiak Irun eta Hendaiaren artean, Gernika-Lumon eta Bilbon izanen dira

2009ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Gaurko egunean, euskal nazioaren sinboloa den ikurrinak kaleak eta balkoiak hartuko ditu. Milaka herritarrek Aberri Eguna ospatuko dute, nork bere eran. Besta izanen da nagusi, baina aldarrikapenak ere tartea izanen du. Deialdi nagusiak, Irun eta Hendaiaren artean, Gernika-Lumon eta Bilbon izanen dira. Baina Euskal Herriko mugak baino haratago badira Aberri Eguna ospatuko dutenak,euskal etxeetan adibidez.

Kutsu berezia izanen du aurtengo ospakizunak, Francoren diktadura bukatu zenetik lehen aldiz alderdi abertzale guztiak oposiziora pasatzeko atarian daudelako Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan. Juan Jose Ibarretxek, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak, Aberri Eguneko azken hitzaldia izanen du karguarekin, legealdiak irauten duen bitartean behintzat.

Nazio Eztabaida Guneak Irun eta Hendaiaren artean egin du Aberri Eguneko deialdia. 2007an, herritar batzuek egindako deialdi irekiaren lekukoa hartu zuen iaz, eta aurten bide beretik jarraitzea erabaki du. EAJk Bilboko Plaza Barrian eginen du, azken urteetako ohiturari eutsiz. EAk, berriz, berezko deialdia egin du Gernika-Lumon, baina Nazio Eztabaida Guneak egindakoarekin ere bat egin du, eta ordezkaritza bat igorriko. Iazko hiru deialdiak errepikatu dira aurten ere, baina Nazio Eztabaida Gunearena bakarra izanen da hainbat alderdi politiko eta gizarte eragileren atxikimendua bildu dituena. Beste biak alderdien deiak izanen dira.

Nazio Eztabaida GuneaBidasoa zeharkatuz

Aldaketa garaia, burujabetza garaia izanen da Irun eta Hendaiaren artean bilduko direnen leloa. Bidasoa zeharkatuz jende uholdea biltzeko asmoa du Nazio Eztabaida Guneak. «Burujabetza osoa berreskuratzeko aukera emango duen beste esparru politiko bat lortzea dugu helburu». Inoiz baino «ozenago» aldarrikatu nahi dunazio izaera. Abertzale guztiei «eskuak luzatu» dizkie, «zubi berriak» eraikitzeko asmoz.

Alderdi edo mugimendu politiko askok bat egin dute Nazio Eztabaida Gunearen deialdiarekin eta nahiarekin. Horietariko bat da ezker abertzalea. Haren ustez, deialdi bateratua baliatu behar da pentsaera bateko eta besteko pertsonen artean aritzeko. «Mugak hautsiko ditugu. Eskuz esku elkarlana garatzeko aukera garrantzitsua da». Baina argi dauka ezin dela «sinbolo» batean gelditu eta «Euskal Herriaren iraupena bermatuko duen nazio izaera eguneroko lanaren bidez eraikitzeko konpromisoa oihukatzeko eguna» behar duela.

Aralarrek ere bat egin du Nazio Eztabaida Guneak egindako deialdiarekin. Indarrak batu eta abertzaleek elkarlanean sakontzeko premia inoiz baino handiagoa da, haren arabera. Argi du indar abertzale guztiek «lehenbailehen» heldu behar diotela inor baztertu gabe. «Kontua ez da denok berdin pentsatzea, baizik eta desberdintasunetatik indarrak batzen jakitea». Aurtengo Aberri eguna testuinguru zail eta samur batean kokatzen badu ere, baikorrak izateko argudioak ikusten ditu. «Herri batean gehienek bere etorkizuna erabakitzeko aldarria modu erabat demokratikoan egiten dutenean, geldiezina da edozein estatu demokratikorentzat». Baina horretarako ezinbestekotzat jotzen du ETAren indarkeria eta giza eskubide guztien urraketa indar berarekin salatzea.

Abertzaleen Batasunarentzat, Aberri Egunak gogoeta eguna izan behar du, bestaz haratago. Euskal Herria kolonia garaietara itzuli dela salatu du, PSE-EE eta PP «aliantza saindua» egin dutelako boto-emaileen nahia baztertuz. «Indar abertzale guztiek egoera honetara ekarri gaituzten jokaera eta estrategiak gogoetatubehar ditugu». Aberri Eguna baino haratago joan behar dela dio «burujabetza garaia ez dadin izan egun bateko lelo hutsa».

LAB sindikatuko arduradunak ere Irun eta Hendaiaren artean bilduko dira, haiek ere atxikimendua erakutsi baitiotedeialdiari. Sindikatuak ere hausnarketa eguna izan behar duela uste du. «Etsipenari eta beldurrari» aurre egin eta abertzaleak ausartak izan behar direla dio. EHE Nazio Eztabaidaren deialdiarekin bat egin duten eragile sozialetariko bat da. Euskararentzat ezinbestekoa iruditzen zaio «herri gisa aritzea eta nortasuna garatzeko baliabide guztiak eskuetan izatea». AAMk, berriz, ohartarazi du herritar guztiek ez dutela Aberri Eguna ospatzeko aukera izanen. «Milaka izango dira gatazkaren ondorioz Aberri Egunean sorterritik kanpo izanen direnak».

Eusko Alkartasuna. Erronkaz beterik

EAk berezko deialdia egin du Gernika-Lumon, urtero bezala, baina argi utzi du Nazio Eztabaida Gunearenean defendatzen duen indar abertzaleen arteko indar metaketarekin ere bat egiten duela. Egoera politikoa dela eta, abertzaleek «zuhurtasunez, irmotasunez eta bat eginda» aritu behar dutela dio. Horrenbestez, alderdiko kargudun batzuk joanen dira Irunera eta Hendaiara. Baina Gernika-Lumon izanen da EAren ekitaldi nagusia. Geroa geurea lelopean, aurtengo Aberri Egunak erranahi berezia izanen duela adierazi du Mikel Irujok, alderdiko Komunikazio idazkariak. «Erronka handia daukagu alderdi gisa, baina baita herri gisa ere».

Eusko Alderdi Jeltzalea. Aberria askeagoa egiteko

EAJk «Euskadirekin eta euskal gizartearekin duen konpromisoa berresteko» erabiliko du Aberri Eguna. Gora ta gora beti leloarekin mezu baikorra hedatu nahi du. Haren arabera, «Euskadi inoiz izan den aberri sendoena da». Egoera edozein izanda ere alderdiak bide beretik jarraituko duela dio Andoni Ortuzar BBBko presidenteak. «Gauden tokian gaudela, EAJko emakume eta gizonok gure hitza eta lana ematen dugu euskal aberria eraikitzeko». Aberri askeagoa, bidezkoagoa eta aberatsagoa izateko gogoan hartzeko eta ospatzeko eguna izanen da, Ortuzarren erranetan.



1932

Lehen Aberri Eguna. 1932ko martxoaren 27an ospatu zen lehen Aberri Eguna. II. Errepublikaren barruan abertzaleek nazioaren eguna ospatzea erabaki zuten. Bilboko kaleetan barna 60.000 lagunek parte hartu zuten, ikurrinak eskuetan zituztela.





Egitarauak

IRUN ETA HENDAIAREN ARTEAN

11:30ean: Martxa nazionala Ficoba erakustazokatik Hendaiara.

14:30ean: Herri bazkaria.

16:15ean: Porrotxekin jolasean.

17:00etan: Andde Duhalderen kontzertua eta Xiba Jokoak

18:30ean: Dantza Pikoren emanaldia.

BILBON (EAJ)

11:30ean: Ekitaldia Plaza Barrian.

Eguerdian: Bazkaria.

Arratsaldean: Joxelu Anaiak.

GERNIKA-LUMON (EA)

12:00etan.Ekitaldia azoka plazan.

Eguerdian.Bazkaria pilotalekuan.





Abertzale guztiek, bat eginik, Itsasuko agiria onartu zuten

1963ko apirilaren 15ean abertzale guztiek Aberri Egun bateratua ospatu zuten Itsasun (Lapurdi). Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko herrialdeen arteko hurbiltzearen oinarria izan zen. Europaren barnean zazpi lurraldez osaturiko eskualde bat sortzeko asmoa hartu zuten Itsasuko Karta delakoa onartuz.





«Aldarrikapen eguna da, oraindik egon badaudelako eman beharreko pausoaketa gainditzeko oztopoak»

ANDONI ORTUZAR
EAJko BBBko presidentea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.