Politika

Aberri Egunean parte hartzeko deia elkarrekin egin dute Azkoitiko EAJk eta ezker abertzaleak

Politika Euskal Herriaren "burujabetzaren aldeko bidean" eta "alderdikeriak baztertzeko" deia egin dute adostutako idatzian.

Urola Kostako Hitza
2009ko apirilaren 2a
17:21
Entzun
Azkoitiko (Gipuzkoa) EAJk eta ezker abertzaleko hautetsiek, bakoitza bere aldetik Aberri Egunaren inguruan aurkeztekoak ziren mozioak erretiratu eta elkarrekin adostutako mozioa aurkeztu zuten udalbatzarrean, herenegun.

PPren eta PSE-EEren kontrako botoekin, Bateraren abstentzioarekin eta EAJren eta ezker abertzaleko hautetsien aldeko botoekin onartu zuten 2009ko Aberri Eguna mozioa.

Ezker abertzaleko hautetsi Miren Segurolak hitza hartu zuen mozioa onartu ondoren, EAJri zuzenduz: "Asko pozten gara zuen jarrera aldaketarekin, espero dugu ez izatea orain PSOErekin haserretuta zaudetelako Legebiltzarreko gaiarengatik. Abertzaleen arteko batasuna praktikan jartzeko jarrera hartuko duzuela pentsatu nahi dugu".

"Gu ez gaude inorekin haserretuta", erantzun zion Asier Aranbarri alkate jeltzaleak. "Herri honek hartzen dituen erabaki demokratiko guztiak normaltasun osoz hartzen ditugu eta jarrerak arrazoizkoak diren neurrian gure babesa izango duzue", erantsi zuen.

Nazio eraikuntzaren alde

"Aberri Eguna Euskaldunon Eguna izan da, gure Nazioaren aldarrikapenaren eguna; ospakizunetarako bai, baina baita Euskal Herriaren eraikuntzarekin gure konpromisoa biziberritu eta adierazteko balio digun eguna ere", dio mozioak.

Udalbiltza Euskal Herriko udalerri eta udal-hautetsiek osatutako Nazio Erakundearen hamar urteko ilbidean jarritako "oinarri finkoak" ere aipatu dituzte idatzian. Euskal Herria nazioa dela eta zazpi lurralde historikoek osatzen dutela ere badio testuak: "Gorputza lurraldetasunak ematen dion bezala, nazioaren arima bertan bizi garen herritarrok ematen diogu". Gainontzeko nazioek bezalaxe, «etorkizuna demokratikoki erabakitzeko eskubidea» aldarrikatu dute Azkoitiko EAJk eta ezker abertzaleak: "Euskal Nazio Eraikuntza euskal hiritar guztion borondate librearen gainean bakarrik gauzatu dezakegu".

"Burujabetzaren aldeko bidean" gatazka politikoa era demokratikoan gainditzeko dinamiketan parte hartzeko deia egin diete herritarrei, baita Aberri Egunean ere. Euskal Herriko eragile politikoei, sozialei eta sindikalei, berriz, alderdikeriak utzi eta Euskal Herriari begira jokatzeko eskatu diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.