Independentistak sarekoek antolatu Aberri Egunera joateko dei bateratua egin dute ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Alternatibak, Aralarrek eta Abertzaleen Batasunak. Aurten Nafarroako konkistaren 500. urteurrena izaki eta Gernikako bonbardaketa orain duela 75 urte gertatu zela gogoan harturik, aurtengo Aberri Eguna «berezia» izanen dela diote ezkerreko bost alderdi abertzaleek.
Ezker abertzaleko Xabi Larralde, ABko Mertxe Colina, Aralarreko Aser Lertxundi eta EAko Mattin Etxepare egon ziren atzo Itsasun, baita Marc Viaurouge-Murga ere, dei bateratua egiten. Toki hori nahitara hautatu zutela azaldu zuen Larraldek: «Hementxe bertan aldarrikatu zen, Ipar Euskal Herriari doakionez,lehen Aberri Eguna, 1963an».
Bezperan, Donazaharren
Apirilaren 7an, hots, bezperan Donazaharren (Nafarroa Beherea) eginen dute ekitaldi bateratua. Bertan «Euskal Herrira bakea eta askatasuna ekarriko duen aro berria» aldarrikatuko dute. Bost alderdiek martxoaren 14an aurkeztu estrategiaren ildotik doa ekinbide bateratu hori. Hain zuzen, «aniztasuna oinarri eta xede izanda, indarrak biltzearen aldeko apustu sendo eta estrategikoa» egina dute, eta «ezkerreko independentisten eta subiranisten arteko akordio estrategiko nazionala» lantzen ari dira.
Indar metaketaren bidez, Euskal Herriaren eraikuntza nazionala eta eraldaketa soziala bultzatu nahi dute, eta hori, «bakean, askatasunean eta justizia sozialean oinarritutako Euskal Herria eraikitzeko».
Aberri Egunerako dei bateratua egin dute ezkerreko bost alderdi abertzaleek
Ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak, Aralarrek eta ABk ekitaldi bateratua eginen dute apirilaren 7an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu