Eusko Alkartasunak gaur jakinarazi duenez, udal eta foru hauteskundeetan Nafarroan "abertzale progresista eta ezkertiarren kolaborazioan oinarritutako hauteskunde eskaintza propioa" eskainiko du. Alderdiko arduradunak gaur bildu dira, Iruñean, eta hauteskunde zerrendak ixtear daudela esan dute. Bilera horretan parte hartu dute, besteak beste, Carlos Garaikoetxeak, Maiorga Ramirezek, Koldo Amezketak, Fermin Ziaurrizek, Helena Santestebanek, Mirentxu Oiarzabalek, Maria Luisa Mangadok eta Aitor Etxarrik.
Hauteskundeetako zerrendak "aurki" aurkeztuko dituztela jakinarazi dute, eta horien helburua lehen aipatutako sektore abertzale progresista eta ezkertiarra Nafarroan sendotzea izango dela esan dute. Euren hitzetan, maiatzeko hauteskundeetan izango den NaBai koalizioa ez da aurreko urteetakoa izango, eta horren lekukoa jasotzea dute helburu. "Gure ardatzak Nafarroan bakea, krisiaren konponbidea eta abertzale progresista eta ezkertiarren batasuna izango dira". Hainbat urtez UPNk zerbitzu publikoak eta gizarte ongizatea urratu dituela salatu dute, "PSNk lagunduta", eta justizia sozialaren, zerbitzu publikoen eta kalitatezko lana bultzatzearen alde agertu dira.