Buelta eman du egoerak, eta orain arteko joerak hautsiz, Espainiako Gorteetarako Hauteskundeetan alderdi abertzaleek boto gehiago lortu dituzte espainolistek baino. Amaiurrek, EAJk eta Geroa Baik lortutako botoak zenbatuta 669.481 dira, eta UPN-PP eta PSNk lortutakoak batuta 662.631 —Nafarroan %99,90 zenbatuta—. Abertzaleek 13 diputatu, eta espainolistek, 10. Ezker abertzaleak Kongresurako hautagaitza bati babesa emateak eragina izan du, azken urteetan ez baitu halakorik egin. Egoera horretan, lau alderdi nagusienek berdinketa teknikoa egin dute: UPN-PP izan da aurreneko indarra 335.935 botorekin, Amaiur bigarrena 333.592rekin, PSE-PSN hirugarrena 326.696rekin, eta EAJ laugarrena 323.517 herritarren babesarekin.
Amaiur koalizioa indartsu sartu da Kongresuan. Elkarrekin aritzea saritu dute herritarrek. Indar metaketa. Ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak osatutako koalizioak babes zabala jaso du, eta talde propioa izango du Espainiako Kongresuan, zazpi legebiltzarkiderekin. Gainera, lurralde guztietan lortu du ordezkaritza. Amaiurren sarrera horrek gainerako alderdiek ordezkaritza gutxitzea ekarri du, izan ere, duela lau urte baino talde bat gehiagorekin banatu dira eserlekuak.
Koalizioan parte hartu ez, eta bakarrik aurkeztea erabaki zuen EAJk ozta-ozta eutsi dio talde parlamentario propioari, horretarako beharrezkoak diren bost diputatu lortuta —sei zituen lehen—. Nolanahi ere, alderdi jeltzaleak duela lau urte baino boto gehiago jaso ditu aurten. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 17.389. Geroa Baik ere lortu du legebiltzarkidea. Justu-justu pilatu ditu beharrezko botoak, eta EAJk, Atarrabia taldeak eta hainbat independentek osatutako koalizioaren ordezkaritzan, Kongresuan jarraituko du Uxue Barkosek.
Beraz, aurreneko aldia izango da Espainiako Diputatuen Kongresuan bi talde parlamentario abertzale izango direla. «Herri gisa» Madrilen aurkezteko asmoa duen Amaiurren taldea, batetik, eta urteetako esperientzia duen talde jeltzalea.
PSE-EEk kolpe gogorra hartu du Hego Euskal Herrian. 548.610 boto zituen duela lau urte, eta 326.696 lortu ditu orain. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan lehen indarra zen, baina hiruretan nagusitza galdu du; Araban PP nagusitu da, Bizkaian EAJ eta Gipuzkoan Amaiur. PPk ere jaitsi egin du boto kopurua, gutxi bada ere.
Nafarroan aurreneko aldia da da herritarrek bi diputatu abertzale aukeratu dituztela. Sabino Cuadra Amaiurrekoa eta Uxue Barkos Geroa Baikoa —Nafarroa Baik baino 20.000 boto inguru gutxiago lortu ditu—. Amaiurrek diputatu bat lortu du Araban ere, ezker abertzaleak ez du ordezkaritzarik lortu lurralde hartan inoiz. Aralarrekin, EArekin eta Alternatibarekin koalizioa osatuta, ordezkaria eskuratzea ez ezik EAJren aurretik jartzea ere lortu du.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak
Abertzaleak, aurrea hartuta
Amaiurrek EAJ gainditu du, eta biek izango dute taldea; koalizioak zazpi diputatu izango ditu Kongresuan, eta jeltzaleek, bostLau alderdi handienek berdinketa egin dute, baina abertzaleek boto gehiago dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu