Abertzaleak bat, botoak asko

Abertzaleek inoizko emaitza hoberena lortu dute Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Euskal Herria Bai koalizioak 10.676 boz lortu ditu Ipar Euskal Herrian.

ENEKO BIDEGAIN
2007ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Abertzaleek duela bost urte baino 1.216 boto gehiago eskuratu zuten igandean, Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Gorakada 12,85ekoa izan da. Batera aurkezteak abertzaleei boto kopurua igotzea ahalbidetu die. Gainera, duela bost urte, emaitza hoberena lortu zuten abertzaleek (AB) 7.570 boz baizik ez zituzten ukan. Euskal Herria Bai koalizioak, Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan lortu 10.676 bozekin, abertzaleei pisu handiagoa ematen die.

Duela bost urte, gainera, zatiketa hirukoitza zen. AB, EA-EAJ eta Batasuna bakoitza bere aldetik joan zen. Batasunak, ordea, boto baliogabea eskatu zuen. Zehazkiago, Demokrazia zeraman orriarekin bozkatzeko eskatu zuen. Orri horiek boto baliogabeekin kontabilizatu ziren, eta, beraz, ez da jakin zenbatek bozkatu zuten hala. Batasunak erran zuen mila lagunek bozkatu zutela orri harekin.

Batasunak aipatzen zituen mila boz horiek ABren eta EA-EAJren emaitzei gehituz gero, ia-ia Euskal Herria Bai-en emaitzara iristen da.Abertzaleen botoen gorakada, beraz, ez da hain ikusgarria. Abertzaleek ez dute bozemaile berri anitz erakarri. Edo, bestela errateko, duela bost urteko zatiketak ez zituen bozemaile asko etxean gelditzera bultzatu, eta zatiketak zatiketa, abertzaleak bozkatzera joan ziren.

Hala ere, 1993tik hona ia 2.500 boto gehiago irabazi dituzte abertzaleek. Hamalau urteko epean, abertzaleen indarra % 30,5ez hazi da. Baina ordutik hona, abertzaleak ez ziren inoiz batera aurkeztu, eta beraz bozetan lortu eragina sakabanaturik eta ahuldurik gelditzen zen.

Euskal Herria Bai-ren benetako eragina neurtzea zaila da, hala ere. Ezin da jakin EA-EAJ koalizioaren alde bozkatu zuten 1.890etatik zenbatek bozkatu duten EAJk sostengatu dituen UDF-Modemeko hautagaien alde, eta zenbatek EH Bairen alde.

Bosgarren hauteskunde barrutian, adibidez, EH Baik lortutako boz kopurua, duela bost urte ABk eta EA-EAJ koalizioak lortu baino 85ez apalagoa da. Batasunaren eragina ez da oso handia izan, beraz, hauteskunde barruti horretan. Pentsa daiteke, halaber, EA-EAJren alde bozkatu zuten 557 lagunetatik zati aski handi batek UDF-Modemekoaren alde bozkatu zutela, EAJri jarraiki.

BAXENABARREN INDARTSU. Ez dirudi, ordea, EAJk hainbesteko eraginik ukan duenik seigarren hauteskunde barrutian. Euskal Herria Baikoek duela bost urte baino 1.136 boz gehiago lortu dituzte. EAJko hautagaiak emaitza ona lortu zuen 1997an. Baina 2002rako anitz boz galdu zituen bidean. Duela bost urte lortu ia 4.000 bozetatik gutxi joan bide da UDF-Modemen aldera. Haatik, boz kopuruaren emendatze handi horren azalpena izan daiteke Batasunak hauteskunde barruti horretan daukan indarra.

Laugarren hauteskunde barrutiko gorakada ere nahiko apala da. Koalizioa osatzeak ekarri dion etekina 165ekoa baizik ez da. Horiek hola, Baxenabarren daude abertzaleek emaitza hoberenak lortu dituzten herri gehienak.Ipar Euskal Herri osoan 50 herri dira %15eko heina gainditu dutenak. Horietatik 36 Baxenabarren dira. Abertzaleek orotara 26 herritan gainditu dute %20eko heina, eta zenbait lekutan %30 ere gainditu dute. Muskildin (Zuberoa) ia %50eko emaitza lortu du Euskal Herria Baiko hautagai eta bertako zinegotzia den Leonie Agergaraik.

Abertzaleak sei herritan dira lehen indar politikoa: Muskildin, Ozazen, Bunuzen, Gamarten, Izuran eta Lexantzün. Beste hamazazpi herritan, abertzaleek bigarren indar politikoa osatzen dute.

 

Herri aBerTzaLeenak



Muskildi (% 49,4)

Ozaze (% 38,98)

Bunuze (% 37,8)

Gamarte (% 35,71)

Izura (% 30,82)

Donaixti (% 30,07)

Lexantzü (% 29,63)

Ibarrola (% 28,07)

Anhauze (% 27,08)

Jutsi (% 26,5)

Azkarate (%26,14)

Suhuskune (%25,45)

Izturitze (%25,41)

Buztintze (%24,56)



 

Bigarren itzulian Euskal Herria Baik ez du boza eskatuko hautagai jakin baten alde



Aitor Renteria

Baiona

Euskal Herria Bai koalizioak ez du boz agindurik emanen Frantziako Legebiltzarrerako bigarren itzulian. Koalizioa osatzen duten alderdiek -ABk, EAk eta Batasunak- alderdi gisa nahi duten jarrera hartzeko askatasuna atxikiko dute, baina koalizioak ez du jarrerarik hartuko. «Ez gara gure bozen jabe, eta gure hautesleak helduak dira bakoitzak jakiteko zer egin behar duen», adierazi zuen Miguel Torre bosgarren hauteskunde barrutiko hautagaiak.

Erabaki hori hartzeko, koalizioak aurkeztu egitaraua kontuan hartzeko eskatu die herritarrei. Sei puntu nagusi finkatu zituen koalizioak: erakunde propioaren beharra, euskararen koofizialtasuna, gatazka gainditu eta konponbidea bultzatzeko proposamenak laguntzea, Euskal Herriko herrialdeen arteko harremanak sustatzea, tokiko ekonomiaren garapena eta herrian bizi ahal izatea ahalbidetzea eta lan baldintza duinak aldarrikatzea.

«Alderdiaren izenaz gain, hautagai bakoitzaren ibilbide historiari so egin behar zaio, hauteskunde garaiko ele ederrak orain artean egin dutenarekin erkatu behar baita», adierazi zuen Beñat Elizondo seigarren barrutiko hautagaiak.



HAMAR MILA BOZEN LANGA .Herritarrak, abertzaleak eta kanpaina burutu duten militanteak oro eskertu ditu koalizioak. Koalizioa osatzen duten hiru alderdiak pozik dira emaitzekin. «Koalizioa eraginkorra izan dela frogatu dute emaitzek». Lehen aldiz 10.698 boz lortu ditu koalizioak, eta laugarren postuan ageri da. 2002ko hauteskundeetan baino 1.238 boz gehiago lortu dituzte, indar abertzale guztiak kontuan harturik.

«Barnealdean hirugarren indarra gara eta seigarren hautesbarrutian Modem alderdiaren parean gaude» erran zuen Leoni Agergarai laugarren barrutiko hautagaiak. Boz kopurua %13 emendatu dela azpimarratu du. Seigarren barrutian emendatzea handiagoa izan da, %28.

Emaitza horiek garrantzi handiagoa hartzen dute kontuan hartuz gero Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan abertzaleek ez dituztela lortu, orain artean, emaitzarik onenak. Hedabideek kanpainan ukan duten jarrera salatu zuen Torrek. «Frantziako hedabideen oihartzunak bertako hautagai batzuk lagundu baditu ere, France Bleu bezalako irrati publikoetan haiei hitza eman diete guri ukatzen ziguten bitartean». Hautagai guztientzako tratu bera bermatzea eskatu die koalizioak hedabide guztiei, bereziki eredu publikoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.