Hauteskunde giroan egin du Eusko Jaurlaritzak lehen gobernu kontseilua. Espainiako Gorteetarako ekaineko bozek utzitako egoera, eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako EH Bilduren lehendakarigai Arnaldo Otegi inhabilitatzeko saioak; bi gai horiei buruz jardun du Iñigo Urkullu lehendakariak gobernu kontseiluaren osteko agerraldian, eta kritika zorrotzak egin dizkie batzuei eta besteei. EH Bilduri «oportunismo politikoz» aritzea egotzi dio, Otegiren auzia dela eta; PPri eta Ciudadanosi, berriz, Jaurlaritzaren eskumenak ez errespetatzea: «Estatua indartu nahi dute autonomien gainetik». Urrunago joan da Jaurlaritzako lehendakaria: «Trantsizioaren espiritua hiltzen ari dela ikusten ari gara», ohartarazi du.
Madrilgo alderdiei ohar egin die lehendakariak: blokeo politikoko egoerak adierazten du krisian dagoela duela lau hamarkada adostutako estatu eredua. «Abertzaleok estatu paper bat bete dugu trantsizioaren garaitik gaur arte. Eta orain mespretxatu egiten dituzte». Arrazoitu du 37 urte geroago estatutua bete gabe egoteak «trantsizioaren espiritua» urratzen duela, eta Espainiako alderdiei leporatu die «autonomien gainetik» pasatu nahi izatea. PPren eta Ciudadanosen arteko akordioak «lege uniformizatzaileak» dakartzala salatu du, eta erantsi du «kezka» eragiten diola «idatzi ez baina esan dutenak».
Otegiren hautagaitzari buruz ere mintzatu da. «Prozesu juridiko tekniko bat dago, ez dago eztabaidarik. Otegik berak esan duenean prozesu horren emaitza beteko duela, zer egiteko erantzukizuna dugu guk? Ezer ez». Zehaztu du Bateragune auziko «kausa eta ondorioen aurka» egon dela beti. Otegik esana du beste inori aurkeztea galaraziko baliote bera ere ez litzatekeela aurkeztuko, eta horri ere erantzun dio Urkulluk: «EH Bildu kontziente zen egoeraz. Ez dut ikusi hautagaitzarik erretiratu duenik».
Urkullu: «Fronterik ez»
EH Bilduk larunbatean egin zien EAJri eta Ahal Dugu-ri elkarrizketarako eskaintza; besteak beste, EAEko eta Nafarroako markoa aldatu eta Madrilen erabakitzeko eskubidea aitor dezaten saiatzeko. Horri buruz galdetuta, Urkulluk erantzun du «denekin» hitz egingo duela bozen ostean. «Ez dugu fronterik nahi». EAJ erabakitze eskubidearen alde dagoela azaldu du, eta hala jaso zutela urtarrilean Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldean egindako proposamenean.
Proposamen hartan, estatus politiko berri bat lortzeko, legebiltzarrean «ahalik eta adostasun zabalena» lortu, herritarrei galdetu, eta Espainiako Gorteek akordioa berretsi ondoren erreferendum bat egitea proposatu zuten jeltzaleek. EH Bilduk uste du nahitaezkoa dela aurrena Madrilen balizko ezezkoari eman beharreko «erantzuna» adostea.
«Batzuek uste dute politika beraiekin hasi dela», erantzun dio EH Bilduri Urkullu lehendakariak, eta, EAJren kanpainako leloa erabiliz, «Euskadi eraikitzen» jarraituko dutela ziurtatu du.
Ziurtatu du gobernuak «azken egunera arte» jarraituko duela lanean, politika ekonomikoari lehentasuna emanez. Eta adierazi du Madrilgo inbestidura prozesuek edo Espainiako Gorteetarako balizko hauteskundeek ez dituztela baldintzatuko Eusko Legebiltzarrerako bozak. Ezta irailaren 25aren ondorengo akordioak ere. «Ez, behintzat, EAJrentzat». Eta ziurtatu du ez dela egongo gobernua osatzeko «trukerik»; alegia, ez dutela Madrilen balizko gobernurik babestuko, emaitzen arabera, EAJk Eusko Legebiltzarrean beharko lukeen babesaren truke. Azaro amaierarako Eusko Jaurlaritza berriak osatuta egon beharko lukeela ere esan du.
Otegiri babesa Europan
Europara ere iritsi da Otegiren inhabilitazioaren aurkako salaketa. UEL Pace ezkerreko taldeko presidente Tiny Koxek Europako Kontseiluko idazkari nagusiari eta Giza Eskubideen Komisarioari eskatu die Espainiako agintariekin harremanetan jartzeko, Otegi aurkeztu ahal izan dadin. Haren aldeko Basque Civil Rigths ekinbideak 17.000 sinaduratik gora bilduak zeuzkan atzo iluntzerako.
Politika
Abertzaleak mespretxatzea egotzi dio Urkulluk Madrili, eta "oportunismoa" Otegiri
Hauteskunde giroan egin du Eusko Jaurlaritzak urte berriko lehen gobernu kontseilua. "Trantsizioaren espiritua" hiltzen ari dela uste du lehendakariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu