Abertzaleen arteko elkarlanerako deia egin du Gipuzkoako EAJk

Giza eskubide guztiak eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu eta alderdien legea bertan behera uzteko eskatu du Egibarrek

jokin sagarzazu
Donostia
2010eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Datorren urteko hauteskundeetan EAJk eta abertzaletasunak oro har gauza asko dituela jokoan uste du Joseba Egibarrek, EAJren GBBko presidenteak. Buruzagi jeltzaleak lehia gogorra aurreikusten du Gipuzkoan, eta sinetsita dago PSE-EEk eta PPk Eusko Jaurlaritzan duten ituna gainontzeko euskal instituzioetara zabalduko dutela. Hala, «estrategia espainolistari» aurre egiteko ezinbestekoa ikusten du, batetik, Gipuzkoako EAJren proiektuaren inguruan atxikimenduak biltzea, eta, bestetik, abertzaleen arteko harremanak sendotzea.

Erronka horri erantzun nahian, Gipuzkoako jeltzaleek Batu Gaitezen ekimena jarri dute abian. Atzo aurkeztu zuten, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, eta datozen asteetan Gipuzkoa osoan zehar ibiliko dira egitasmoa azaltzen eta atxikimenduak biltzen.

Hauteskunde kutsuko ekitaldia izan zen atzokoa, mezuari, eszenaratzeari eta parte hartu zutenei erreparatuz gero. Alderdi jeltzalearen Gipuzkoako buruzagi nagusiak han ziren. Joseba Egibar GBBko presidentea, Markel Olano diputatu nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatetzarako hautagaia eta euskal instituzioetako hainbat ordezkari: Jokin Bildarratz Eudeleko presidente eta Tolosako alkatea, kasu. Xabier Arzallus EBBren presidente ohia ere bertan izan zen.

Datorren urteko hauteskunde lehiarekin lotura handia duen arren, Gipuzkoako jeltzaleek nabarmendu dute Batu Gaitezen ekimenak badituela euskal gatazkaren konponbiderako baliagarriak izan daitezkeen zenbait proposamen.

Hala, atzoko aurkezpenean, Egibarrek argi utzi nahi izan zuen Euskal Herria aro politiko berri baten atarian dagoela, etaezker abertzaleak abiatutako prozesu demokratikoa aintzat hartzeko eskatu zien han bildutakoei. «Bakerako ezinbestekoa da ETAk indarkeriari uko egitea. Baina, horrez gain, beharrezkoa da ongi hartzea bide demokratikoetan barna soilik ibiltzearen alde egiten duen proposamen politiko oro». Horren harira, ezker abertzalearen legeztatzea bakerako bidean aurrerapauso garrantzitsua izango litzatekeela adierazi zuen.

Bi konpromiso, helburu bat

Egibarrek nabarmendu duenez, bakea eta normalizazio politikoa lortzeko ezinbesteko da giza eskubide guztiak eta euskal gizartearen erabakitzeko eskubidea onartzea. Era berean, bi «konpromiso» horiek alderdi barruko kohesioa eta gainontzeko indar abertzaleekiko harremana sendotzeko baliagarriak izango direla adierazi du. «Bidean ez galtzeko konpromisoak dira, politikan oso erraza baita bidean galtzea. Argi izan behar dugu nor garen eta zer nahi dugun».

Buruzagi jeltzalearen irudiko, PSE-EEren eta PPren helburua da «euskal berezitasuna desegitea» eta Euskal Herria Espainiara «asimilatzea». «Fronte» horri aurre egiteko abertzaleen arteko «lankidetza guneak» sortzearen alde azaldu da. Elkarlan hori giza eskubideen eta erabakitzeko eskubidearen alorrean egingo litzatekeela jasotzen du proposamenak, baina atea irekita uzten du bestelako akordioetara iristeko ere, lankidetza instituzionalerako, adibidez. «Bat egiten dugun alderdi politiko eta eragile sozial guztiok betebehar bat daukagu: elkarlanerako guneak topatzea gure gizartearen gogo zabala bideratzeko eta udaletxe, aldundi eta, aurrerago, Eusko Jaurlaritzan eta Nafarroako Gobernuan, PSE-PP frontea nagusitzen ez uzteko», dio agiriak.

Gipuzkoako Foru Aldundirako azken hauteskundeetan PSE-EEk 76.865 boto lortu zituen, eta EAJk 71.800. EAk, 34.172, eta balio gabeko bozak 72.963 izan ziren.

PSE-EEk eta PPk Gipuzkoako EAJren proposamena kritikatu dute, eta batak zein besteak Egibarri egotzi diote «abertzaletasun erradikalaren tesietara» hurbiltzea. Txarli Prieto Arabako PSE-EEren idazkari nagusiaren irudiko, Egibar deseroso dago EAJk Madrilen duen jarrerarekin, eta «bere tokia hartu» nahi du alderdiaren barruan. Leopoldo Barreda PPko eledunak, berriz, uste du «batasunaren bozak» erakarri nahi dituela EAJk.



Jeltzaleek ez dute begi onez ikusten Hamaikabatekin koalizioa osatzea

Galdosek dio EAketa ezker abertzaleak abertzaletasun historikoa ordezkatu nahi dutela
Erredakzioa. Donostia

Datozen foru eta udal hauteskundeei begira, Gipuzkoako EAJk H1 Hamaikabatekin koalizioa osatzea baztertu duela zabaldu dute zenbait komunikabidek. Alderdi jeltzaleko iturriak aipatuz, hedabide horiek diote EAJren zerrendetan H1eko kideak independente gisa aurkezteko proposamena jaso duela H1ek.

Koalizioa ez den beste formularik ez zaiola bururatzen esan duMartin Beramendi H1eko Gipuzkoako buruak, eta koalizioa osatzeko negoziazioetan jarraituko dutela adierazi du. Hala ere, H1ek hainbat udaletarako zerrendak aurkeztu ditu jada.

Donostiako H1en egoitzaren inaugurazioan eginiko agerraldian, Iñaki Galdos alderdiko presidenteak esan du datozen hilabeteetan abertzaletasun instituzional indartsu bat artikulatzeko lanean jarraituko duela H1ek. Horren harira, EAJri ohartarazi dio «polo subiranistak» abertzaletasun instituzionala ordezkatu nahi duela instituzioetan.





Lizarrako akordioaeta Ibarretxeren aroa gogoan ditu Olanok

«Lizarrako oroimena ez da oraindik itzali». Lizarra-Garaziko akordioaren garaiak eta Juan Jose Ibarretxek Eusko Jaurlaritzako lehendakari gisa egindako hiru legealdiak gogoan ditu Markel Olanok. «Abertzaletasunaren garairik oparoena» izan zela dio Batu Gaitezen ekimenaren promozio bideoan. Garai hartan abertzaleen arteko lankidetza oparoa izan zela nabarmendu du Egibarrek ere. «Borondateak konpromiso bihurtu ziren». Orduan bezala, orain ere «elkarlanerako garaia» dela adierazi du.



Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.batugaitezen.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.