Demokrazia 3.000.000 (D3M) hautesle plataforma Espainiako Justiziaren aldetik baliogabetua egonagatik ere hark Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan 100.000 boto bildu izana nabarmendu du gaur, Baionan, Abertzaleen Batasunak (EB), "eta horrek erakusten du ezker abertzaleak mobilizatzeko gaitasun handia duela". Aralarrek 62.000 boto lortu izanagatik "poz" hartu du ABk, "emaitza ona delako eta ezker abertzale politiko eta zibilaren bidea sendotzen baitu".
Baina hori dena ez da aski ABrentzat, Mertxe Colina eta Andde Saint Marie bozeramaileek azpimarratu dutenez. Hala, "ezker abertzalearen birfundazio politikoa" aldarrikatu dute, "beharrezkoa baita", eta hori "gaurtik" bertatik egiten hasi behar dela. "Bistan da nehor ez dela egia osoaren jabe".
ABren iritziz, D3Mren eta Askatasuna alderdi politikoaren baliogabetzeak direla kausa, igandeko bozak "antidemokratikoak" izan ziren "eta legebiltzar desitxuratua atera da".
Europako bozak
Ekainean izango dira Europako Legebiltzarrerako bozak, eta Abertzaleen Batasunak gaur jakinarazi du Jose Boveren Europa Ekologia mugimendua babestuko duela. Hauteskunde horien izaera-eta kontuan hartuta, "eraginkorrak izateko aliantzak" topatu behar dira, ABren aburuz.
Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako azkeneko kantonamendu hauteskundeetan -iazko martxoan-, Batasunarekin eta EArekin aurkeztu zen AB, EH Bai koalizioan. %43an hobetu zituzten emaitzak, eta Ipar Euskal Herriko hirugarren indarra izan zela zioen EH Baik. %15eko babesa jaso zuen.
Duela bost urteko Europako hauteskundeetan Gerard Onestaren hautagaitza babestu zuen ABk, eta ez zaio damutu erabakia, "Onestak euskal auziaren alde lan ona egin duelako Europan. Kasu, ETAren su-eten garaian hura izan zen Legebiltzarraren ebazpen haren bultzatzaileetakoa. Legez kanporatzeen aurka ere lan ona egin du".
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak
Abertzaleen Batasunak "ezker abertzalearen birfundazio politikoa gaurtik" egin behar dela dio
D3Mren emaitzak direla-eta "ezker abertzaleak mobilizatzeko gaitasun handia" duela dio ABk eta, bere ustez, Aralarren igoerak "ezker abertzale politiko eta zibilaren bidea sendotzen du". Hala ere, hori dena nahikoa ez dela iritzi dio. Europako Legebiltzarrerako bozetan Jose Bove babestuko du ABk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu