Mixel Bidegain Enbata astekari abertzaleko kazetaria pozten da sekula baino abertzale gehiago aurkeztuko delako boz hauetan. Mila biztanlez gorako herrietan, 30 zerrenda pasa kontatzen ditu abertzale zerrendaburu bat daukatenak. Puntu esanguratsuenak aiparazi zizkien atzo Aitor Renteriak gomitei.
1. Baionako aldaketa
Igandean arreta gehien izango duen eremua kostaldea dela noski gehitu du Enbatakoak, Ipar Euskal herriaren gehiengo nagusia bertan denez eta honetan Baiona hiriari eman dio garrantzia. Herri handiena hiritar kopuruan, baina ere enpleguen aldetik. Azken aldian abertzaleek %7,7 egin zuten udal hauteskundeetan. Berriki atera ikerketa batek dio %9 inguruan izan daitezkeela, beraz epaile bigarren itzulian. Bidegainen ustez gehiago ere egin dezake Jean Claude Iriarten zerrendak eta horrek gauzak aldatzen ditu. %10aren heina gainditzen balu, bigarren itzulian mantentzeko ahala luke legez eta hautagai nagusiekin gauzen negoziatzeko pisu aise handiagoa.
2. Lurralde lehia
Bixente Vrignon France Bleu irratiko kazetariak frantses ezker eta eskuinaren arteko lehia ikusten du Baionan. Abertzaleei begira, bai Etxeto sozialistak, bai Etxegarai zentro eskuinekoak, argitu behar dutela zer duten proposatzeko. Jokoan dena argiki hor, Ipar Euskal herriaren egituraketa instituzionala da. Sozialistek erakusten dute estrategia argia dutela hego Landeetako Seignanx eskualdea Baionako hiriguneari lotzeko. Honek «oztopatuko» luke, Vrignonen ustez, «euskal lurraldeen ezagupen instituzional oro».
Horregatik dio Mixel Bidegainek, abertzaleek Etxegarairen alde jo behar luketela. Etxeto argiki «frantses jakobinoa» dela, Etxegarai hastetik Batera, EHko Laborantza Ganbara eta halakoen alde agertu delarik.
Vrignonek beste elementu adierazgarria ikusten du kanpaina honetan. Diotenaz bozen heren bat sozialistengana joanen da, bestea zentro-eskuinera eta azken herena abstentzioarena da. Bereziki, Baiona ipar partean nabaritzen dena eta ondorioz uste du abertzaleek bozak biltzekotan hor bilduko dituztela.
3. Abertzaleen bi joerak
Lapurdiko beste herrietan, Donibane Lohitzunen konparazione, abertzaleak baikor ikusten ditu Bidegainek. %25eko bozkarako bidea luzea izanagatik, aukerak badirela. Hendaian itsuago dakusa, nahiz pentsatzen duen Iker Elizalde abertzalearen zerrendak duela 6 urteko emaitza hobetuko duela. Miarritzen deitoratzen du abertzale hautetsien estrategia Veunac zentristaren zerrendan urturik joan baitira berezko zerrenda abertzalea egiteko partez.
4. Garazi eta Baigorri
Baxenabarren, Donibane Garaziko berrikuntza azpimarratu du Kanaldude telebistako Pantxika Maitiak. Aspaldiko partez bigarren zerrenda bat agertu da, abertzale eta ekologista itxurarekin. Belaunaldi gazte bat datorrela gainera hor. Belaunaldi gaztea herri txiki anitzetan aurkezten dela dio. «Gazteak baina gizonak». Emazte «arras guti» izatea damugarri dela dio. Baigorrin gauzak alda daitezkeela azpimarratu du Maitiak, aspaldi karguan den Jean Baptiste Lamberti nagusitzen ahal baitzaio Jean Michel Koskarat.
5. Maule eta Sohüta
Xiberoan Maule eta Sohüta dira arreta pizleak, biak ere mila biztanlez gora izanez zuzenki hautatuko baitira herri elkargorako ordezkariak. Maulen, ezkerrak galdu zuen aspalditik eskutan zeukan udala duela sei urte Michel Etxebest sartzearekin. Lau zerrenda agertu dira aurten eta hauetan Beñat Elkegarai abertzalearena. «Ikusi beharko da zer egin dezakeen honek bigarren itzulian», dio Maitiak. Etxebest Bateraren aldarrikapenekin bat datorrenaren alde egin ala ezkerraren alde.
Sohütaren kasua azpimarratu du ere Maiitiak, erranez oraiko auzapeza, Christelle Mange, ama familiakoa, saiatu dela herria beste modu batez kudeatzen, ardurak banatuz. Eta jendeak omen dio ez dutela presente ikusten. Bigarren zerrenda bat agertu zaio aurrean, honetan abertzale zenbait.
6. Sozialistekin zer egin
Galdera etorri da traturik posible den PSkoekin. Vrignonek dio abertzaleen artean badirela uste dutenak sozialistak barnetik hurbilaraz daitezkeela. Angelun, Espilondo eta Mondorge «jakobinoek», Angeluko ikastolako lehendakaria daukatela zerrendan, abertzaleei lehia egiteko edo. Sylviane Allaux-ren kasua ere oroitarazten du France Bleuko kazetariak.
Bidegainek ihardokitzen du sozialisten artean izan zela «euskaltzale-jakobino» lehia hori eta bigarrenek irabazi dutela. Ikusi beharko da, dena den, Aturri Kostalde Hiri Elkargo nagusian nork aginduko duen apiriletik goiti. Vrignonek uste du giltza Bidarteko Alzuri auzapezak izan dezakeela, ezkerrari edo zentro eskuinari gehiengoa emateko. Enbata astekarikoak dio lehenik ikusi behar direla Baionako, Angeluko eta Miarritzeko emaitzak.
7. Koherentzia jokoan
Baiona hirigune handiko elkargoa handituz joango da eta honek indar harreman bat sortzen du barnealdearekin, Vrignonen arabera. «Lur beharra izanen du, ur eta baliabide naturalena. Zer indar izanen dute Lapurdi barnealde, Baxenabarre eta Xiberoak?» Horko hautetsien esku izanen da.
Pantxika Maitiak ere galdetzen du zer pisu izanen duen baserri alde pobreagoak. «Zer diru ahal utziko zaio?». Jokoan dena da beraz herri elkargoen birmoldaketa. Bidegainen ustez, Ipar Euskal herriko elkargoen arteko herri elkargo bakarraren aukera bada, Lurralde Elkargo asmoaren ehorztearen ondotik.
Bestalde, abertzale hautetsien jokamoldea ikustekoa izanen da Vrignonen ustez. Herri elkargoetan pisua hartu beharko dute eta kuraia politikoa erakutsi, «haienak» dauzkaten gaietan. Lurra, instituzioa... Horretan ikusiko dela zinez koherenteak eta alternatiba bat direnez.