Abiadura handiko eztabaida

RFF konpainiak aurkeztu AHT xedea eztabaidatuko da gaur Baionan; parte-hartzea irekia, baina mugatua da

AITOR RENTERIA DONOSTIA
2006ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Abian da dagoeneko AHTri buruzko eztabaida Akitanian (Frantzia), eta gaur egingo dute lehen eztabaida Ipar Euskal Herrian; Baionan, hain zuzen ere. Frantziako Burdinbide Sarea konpainiak (RFF) eztabaida publikoa abiatu du egitasmoa aurkezteko eta iritziak biltzeko, Frantziako legeak agintzen duenari jarraikiz. Lehen bilkura Bordelen (Gironde, Frantzia) izan zen, hilaren 7an.

Orotara RFFk 25 informazio bilkura antolatuko ditu abendua bitartean, horietan sei izanen direlarik Lapurdin. Nafarroa Beherean eta Zuberoan ez da bilkurarik egonen. Ondotik bilduma egiteko bi bilkura eginen ditu RFFk, Baionan eta Bordelen. Eztabaidak bukatutakoan, batzordeak aktak argitaratuko ditu bi hilabeteko epean, eta, azkenik, RFFk erabaki beharko du xedearekin aitzina segitzea edo baztertzea. Hiru hilabeteko epea ukanen du horretarako.

Euskal Herriari dagokionez, bide berria egitekotan Baiona eta Lehuntze artean egingo litzateke, Lapurdin betiere. Ondoren, hegoalderantz zabalduko litzateke proposatu pasabidea: Basusarri eta Uztaritze artean Milafrangan barrena, ondoren Ahetze eta Senpere artean. Donibane Lohizune eta Azkaine artean, azkenik Urruña eta Biriatu artean Gipuzkoarekin lotura egiteko. Ibilbidea pasabide horren barnean kokatuko litzateke, baina oraindik ez dago zehaztua. Behin-behineko ibilbide zehatzari ekin aitzin, AHT egitea onartu beharko litzateke eta, ondoren, hainbat ikerketa burutu.

Xedea onarturik, RFFk lauzpabost urteko epea ukanen du eginkizun ituna zehaztu, aldez aurretiko ikerketak egin, egitaraua osatu eta inkesta publikoa bideratzeko. Ondoren sei-zortzi urteko epea ukanen du aitzin-xedeko ikerketak zehatz egin, lanak burutu eta zerbitzuan ezartzeko.



EZTABAIDAREN PROZEDURA. Batzorde eragileak eztabaida zabala bermatu nahi du eta, horretarako, parte hartu nahi dutenek eragile txostena bete beharko dute. Galderak idatziz egin beharko dira, mahaiak han berean sailkatuko ditu eta interesgarriak baderitzo, irakurri eta erantzun.

Eragileek hitza hartzeko parada ukanen dute, baina denbora mugatua izanen dute. Taldeek ezin dute zazpi minutuko epea gainditu, eta erdira mugatuko da denbora norbanakoen kasuan.

Prozedura horrek lehen kalapitak eragin zituen hilaren 7an Bordelen egindako bilkuran. Izan ere, ingurumenaren aldeko taldeek prozedura bera salatu zuten, eta protesta egiteko, ahoa estali zuten. Talde horietako kideen arabera, denbora gutxi da horren txosten mardulari buruzko iritzia emateko, eta itxurazko demokrazia dela salatzen dute. Bordeleko bilkuran, ekologistek ez ezik, auzapez eta hautetsi askok salatu zuten prozedura.

Hala ere, CNDP batzordeak --eztabaidaantolatu du-- demokrazia bermatzeko bide bakarra dela dio, hitza guztiei emateko denborak mugatu behar direla azalduz.

############

Informazio bilkurak

Eztabaida eta epeak. RFFk 25 informazio bilkura antolatuko ditu abendua bitartean, eta horietan sei Lapurdin izanen dira.

Eztabaida zehatzak. Irailaren 19an, Miarritzen, Tren egitasmoa eta garraioari egin diezaiokeen ekarpen; urriaren 4an, Hendaian, Merkantzien garraioa, zein dira aterabideak Akitanian?; urriaren 4an, Hendaian, eta azaroaren 8an, Miarritzen, Giza ingurumena, berotegi efektua. Nolako baliabideak itsas garraioarentzako?; azaroaren 29an, Uztaritzen.

Bildumak. Ondotik bilduma egiteko, bi bilkura eginen ditu RFFk; Baionakoa,abenduaren 15ean.

AHTren beharraren alde ebatziz gero,bi xedeen artean hautatu beharko da

A.R.

Baiona

Errepideko garrioaren parte bat burdinbidera pasatzea, Ile de France, Akitania eta Espainia arteko tren bidaiarien garraioa hobetzea eta eskualdeetako tren garraioa garatzea da RFFk iragarri duen asmoa. Horretarako, Landetan hiru ibilbide aurrikusten ditu, Lapurdi bira murriztu direlarik, hau da, gaurko trenbidea lau lerrotara pasatzea edo bide berri bat egitea, gaurkoaren osagarri.

Ebazpena hartzeko asmozRFFren txostenak sailez saileko azterketa egin du, etorkizunean egonen den trafikoa, Bordele eta Gipuzkoa arteko garraioa edo ingurumena. AHTren beharra onartuko balitz, RFFk bi proposamen aurkeztuditu eta hautatzeko eskatu du, bakoitzak dituen abantailak eta eraginak kontuan hartuz.

Denborak
Txostenak lau elementu erkatzen ditu; batetik, 2003an behar zen denbora, bertzetik 2002an egitasmoa burutu gabe eginen dena, eta gero Akitaniako hirurak, Lapurdin bira mugatzen direnak berez. Horrela, gaur Bordele-Baiona egiteko behar den oren eta erdi luzea ez litzateke oren batera helduko. Gaur lau oren eta erdi behar dira kasurik onenean Parisera heltzeko Baionatik, eta hiru orenetan legoke AHT eginez gero. Paris-Bilbo egiteko lau oren eskas beharko lirateke, eta sei oren inguru, xedearen arabera, Madrilgo lotura egiteko.

Garraioa
Proiektu berria egin gabe, 2020an 80 tren aterako lirateke egunero Hendaiatik, bikoitza bidea hobetuz gero. AHTk hobetutako bideak bezainbat tren bermatuko lituzke, xede bat hautatu edo bertzea.

Urrats garrantzitsuena bidaiarien garraioari dagokio. 5,9 milioi bidaiari garraiatuko lituzkete 2020an gaur egungo egoeran. Bidea hobetuz abantzu milioi bat bidaiari gehiago garraiatuko lituzke trenak eta kopuru horri abantzu milioi bat edo gehiago gehitu beharko litzaioke xedea Landetako mendebaldetik edo ekialdetik pastauz gero.

Saturazioa
1985ean 1.400 kamioik zeharkatzen zuten egunero Biriatuko ordainlekua. Hogei urteren buruan 8.000 dira. Garraiorako erabiltzen dira oro har kamioi horiek. Erkatuz tren garraioarekin desoreka nabarmena atzematen da. Garraioaren %4 baino ez da egiten zehar, Europako hainbat herrialdetan korpuru hori %10era heltzen delarik.

2016an AHTk Tours eta Bordele lotuko ditu, eta horrek hobekuntza nabarmenak ekarriko dituRFFren ustez. Euskal Y-a 2013rako bukatua egonen da eta egitasmorik gauzatu ezean egoera mugimenduak itotzera helduko dela dio txostenak. 2025ean urtero ehun milioi tona garraiatuko dituzte Atlantikoko korridoretik. Bidaiari kopurua ere bikoiztu egingo da 2003ari erkatuz.

Ingurumena
Garraio moten artekoa hokatzea bermatuz gero, berotegi efektua gelditzeko urrats handia eginen dela dio RFFk. 2020an airera urtero 400.000 tona gas karboniko gutxiago jaurtikiko lirateke, hots, 60.000 biztanleko hiriak urtean airera botatzen duen kopurua.

Bide berria egiten bada naturguneak kontuan hartuko dituela dio txostenak. Horren arabera hautatu da Lapurdiko ibilbidea, Natura 2000 egitasmoan sailkaturik dauden guneak saihestuz. Alta, Lapurdi menditsua da eta toki batzuetan lurra kendu beharko dute, bertze batzutan ezartzeko. Ororen buru kendu eta ezarritako kopuruak berdinduko direla dio egitasmoak.

Batzuentzat, Akitania berandu dabil, eta bertzeen iritziz, datuek ez dute islatzen AHTren beharra

PAE bilkuran izanen daAHT aldarrikatzeko, eta ekologistek zalantzan jartzen dute xedeaA.R.

Baiona

Eztabaida sutsua eta arrazoiz betea espero da AHTren aldekoen eta kontrakoen artean Baionan eginen den lehen bilkuran. Parte-hartzaileen zerrenda osoa bilkura ondotik jakinaraziko dute, baina dagoeneko batzuek baieztatu edo ezeztatu dute beren presentzia.

Iragarrita bazegoen ere, Eusko Jaurlaritzak ez du parte hartuko zuzenean, Jon Bazterra Garraio eta Herri Lan Saileko prentsa arduradunak jakinarazi duenez. Hala ere, Akitania-Euskadi Plataformak (PAE) Eusko Jaurlaritzaren ikuspegia plazaratuko du eztabaidan.

Jose Manuel Bujanda PAEko presidentea bilkuran izanen da. PAEk ez du zuzenean parte hartu nahi eztabaidan, baina bere ikuspegia plazaratu nahi du. «Guk ez dugu aukerarik egingo xedeen artean, bakarrik adieraziko dugu Euskal Y-ak irtenbide logiko batbehar duela mugaz gaindi Europarantz, eta, horrenbestez, ahalik eta lasterren ikusi nahi dugula Irunen, Hendaian edo erabakitzen den lekuan», dio Bujandak.

Lapurdiko bi xedeen artean ere trenkatu beharko dute eztabaidaren bukaeran, oraingo bidea lau lerrotara zabaltzea edo berria egitea. Landetan hiru aukera izanen dira, eta xedea osorik aztertzeak emaitza baldintza dezake. «Gu ezin gara eztabaida horretan sartu, erabakia akitaniarrei dagokie». Xedearen beharra aldarrikatzera mugatuko direla dio. «Frantziari eta Europari begira, etorkizunak eskatzen du AHT egitea, bai Bidasoatik hegoaldera, bai iparraldera».

Frantzian lurralde egiturak eztabaidan daudela azpimarratzen du, konpetentziak eskualdeetara pasatu badira ere, ordainik ez dagoela. Bordele-Irun xedea onartzen duten bezala, batzuek Bordele-Tolosa (Okzitania) onartzen dute eta arazoa da dirurik ez dagoela biak une berean egiteko.

Harriduraz azaltzen du ezustea eragin ziola ikustea Bordelen emandako protesta, bereziki protesta egin zuen jendea urteetan sartua zelako.

Metodologiari dagokionez, hitzartzearen sarrera eta bukaera euskaraz eginen dituela azaldu du. Euskara Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoan hizkuntza ofiziala denez, batzordeak ez dio trabarik jarriko.

EKOLOGISTAK, UZKUR ETA PREST.CADE egituran dauden elkarteak presente izanen dira gaurko eztabaidan. «Guk zazpi minutu ditugu xede hori deitoratzeko, eta haiek hilabeteak eman dituzte txosten bat osatzen». Hala ere, eztabaidan parte hartzeko prest daudela dio.

Eztabaidan bi xede aurkeztuko badira ere, ez du dudarik RFFk buruan duen bakarra AHTren bide berria dela. Alta, bidearen beharra aldarrikatzeko kopuru okerretan oinarritzen dela salatzen du. Garraioari buruzko datuak eskuan hartuz, beharren irakurketa ezberdina egiten du. «Lortzen bada tren bakoitzak mila tona garraiatzea, aski da norabide bakoitzean 35 tren ibiltzea saturaziorik ez gertatzeko».

CADEren iritziz, Lapurdin egun dagoen trenbideak 132 tren har ditzake egunero norabide bakoitzean, hobekuntzarik egin gabe. RFFk iragartzen duen saturazioa zalantzan jartzen du. Norabide bakoitzean egunero 25 tren pasatzen direla dio, eta posible dela garraio tren gehiago sartzea; bertze 35, hain zuzen ere. Alta RFFk hobekuntzak aurrikusi ditu dagoeneko: Akize-Baiona artean argi sistema automatikoak, Baionako geltokian lerro bat gehiago egitea Mousseroles heinean, Maubek karrikako tunela bikoiztea etaAturri gainetik bertze bide bat egitea. Lan horien ondorioz, trenak 70 kilometro orduko abiaduran zeharkatuko luke Aturri ibaia, abantzu bikoiztuz gaur egungo abiadura.

Txostenaren inguruan zuhurtziaz jokatzeko eskatzen du CADEk, eta bi xedeak baztertuz, hobekuntzen alde egitea hobesten du. Onartuko luke toki batzuetan lerroak biderkatzea hobekuntzen ildoan. «Onartezina AHTren xedea da, horren beharrik ez dagoelako eta gibel urratsik ez duen bidean murgiltzen gaituelako».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.