ABIADURA HANDIKO TRENA. Castejon-Iruñea AHT linea 2015ean amaitzeko asmoz, ituna sinatu dute

Iruñean estazio intermodal bat eraikitzeko, beste itun bat sinatu beharko dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek

Naiara Elola.
Iruñea
2010eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Martxoaren 30ean Miguel Sanz Nafarroako presidenteak iragarri bezala, Castejon (Nafarroa) eta Iruñea arteko AHT abiadura handiko trena finantzatzeko akordioa itxi dute. Atzo sinatu zuten, Sanzek eta Jose Blanco Espainiako Sustapen ministroak, Iruñeko Nafarroako Jauregian. Espainiako Gobernuak -Adif Espainiako Trenbide Azpiegituretarako erakunde publikoaren bitartez- eta Nafarroako Gobernuak AHTaren Iruñea eta Castejon arteko bidea eraikitzeko lankidetzan bete beharko dituzten baldintzak jasotzen ditu itunak. Hala, sinatutakoaren arabera, 2011ko lehenengo seihilekoan hasiko dira AHT bidez Kantauri itsasoa eta Mediterraneoa lotzeko Castejon eta Iruñea arteko igarobidea eraikitzeko lanak, eta 2015. urterako amaitzea espero dute.

Castejon-Iruñea AHT linearen finantzaketa ahalbidetuko du hitzarmenak. Igarobide hori eraikitzeko aurrekontua 675 milioi euro ingurukoa izango da. Aurreikuspenen barnean sartuta daude proiektua idazteko behar diren laguntza teknikoak, eraikitze lanen zuzendaritza eta lurrak desjabetzeko kostuak. Trena igarotzeko plataforma egiteko, 362,65 milioi euro inguru baliatuko dira. Horrez gain, abiadura handiko trenak behar dituen gainegituretarako, tren errailak eta elektrifikazioa egiteko besteak beste, 287,35 milioi euro beharko direla aurreikusi dute Nafarroako eta Madrilgo administrazioek sinatutako itunean. Zifra horiek guztiak kontuan hartuta, 387 milioi euro aurreratu beharko ditu Nafarroako Gobernuak. Hala ere, Espainiako Gobernua 2013tik aurrera diru hori itzultzen hasiko da. Azken buruan, Eusko Jaurlaritzarekin Sustapen Ministerioak sinatutako hitzarmenaren ereduari jarraitu diote.

Castejon eta Iruñea arteko abiadura handiko trenak bi geltoki izango ditu, Tuteran bat eta Iruñean bestea. Azken horretan estazio intermodala egiteko asmoa dute Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak. Hala ere, oraindik ez dute zehaztu ez non kokatutako duten, ezta noiz ekingo dieten estazio intermodala eraikitzeko lanei ere. Horretarako, beste hitzarmen bat sinatu beharra daukate Nafarroako eta Espainiako gobernuek, Adifen bitartekaritzarekin. Dena den, ez dute zehaztu ez Blancok, ezta Sanzek ere itun hori noiz sinatuko duten.

Gipuzkoarekiko lotura

Azken hilabeteetan bolo-bolo dabil Nafarroa eta Gipuzkoa AHT bidez lotzeko eremuaren inguruko auzia. Jose Blanco Espainiako Sustapen ministroak Castejon eta Iruñea arteko AHTaren igarobideak Euskal Y-arekin izango duen lotura «ziurtatua» dagoela adierazi du. «Bi lurraldeen lotura hasieratik dago ziurtatua, inoiz ez dugu zalantzarik izan. Noiz eta nondik egingo den da kontua», adierazi du Blancok. Aitortu duenez, Espainiako Sustapen eta Ingurumen Ministerioak Nafarroa eta Gipuzkoa abiadura handiko trenaren bitartez lotzeko eremurik aproposena zein den erabakitzeko azterketa teknikoak egiten ari dira oraindik.

Ondorioz, behin beharrezko azterketak eginda, datozen hilabeteetan Blancok lotura eremuaren berri emango duela jakinarazi du. Ministroaren hitzetan, Nafarroako AHTa eta Euskal Y-a lotzeko beste hitzarmen bat sinatu beharko dute Espainiako eta Nafarroako gobernuek eta Eusko Jaurlaritzak. Itun hori ezinbestekotzat jo du «Europako ateak ireki ahal izateko». Blancoren arabera, «abiadura handiko trenak Espainiako Gobernuak eraiki nahi duen garraio sare arrazional eta zentzuzkoan pisu handia izango du». Garraio ziurra eta azkarra dela nabarmendu du ministroak, «etorkizuneko belaunaldiak ingurumenari dagokionez hipotekatzen ez dituena».

Castejon-Iruñea igarobidearen finantzaketa ituna, ekonomiari dagokionez, momentu zail batean iritsi da bai Espainiako Gobernuarentzat eta bai Nafarroakoarentzat. Blancoren hitzetan, «egoera ekonomiko zailetan ezinbestekoa da inbertsioen eraginkortasuna areagotzea». Gutxirekin asko egin nahi dutela aitortu du Sustapen Ministerioko buruak. Hala ere, nabarmendu duenez, AHTan inbertituz asmatu egin dute.

Dena den, Sanz eta Blanco ziur daude abiadura handiko trena ekonomiaren eta gizartearen garapenaren giltza izango dela. Sanzek Castejon-Iruñea linea eraikitzeko sortuko diren lanpostuei garrantzia berezia eman die: «AHTak onurak eragingo dizkie enpresa txiki, ertain eta handiei». Gainera, gustura agertu da berau finantzatzeko baliatutako bidea «bermatzailea» delako. «Azkenean, posible izango da horrenbeste herritarrek eskatutako azpiegitura», adierazi du Sanzek.

Aldeko eta aurkako ahotsak

Nafarroako eta Espainiako gobernuek sinatu behar zuten itunaren alde bozkatu zuten herenegun, Nafarroako Parlamentuan, UPN, PSN, CDN eta NEB alderdiek. NaBaik ez zuen finantzaketa ituna babestu, ordea. Alderdi horretako kide Uxue Barkosek gogor kritikatu du hitzarmena: «AHTaren itunak bi urtez aurreratu ditu inondik inora ez doan abiadura handiko trenaren lanak». Gainera, Espainiako eta Nafarroako gobernuek oraindik Euskal Y-arekiko loturarik ez aurreikustea gaitzetsi du. Finantzaketa akordioak ez duela AHTa Nafarroara ekarriko irizten dio Barkosek, aurretik Nafarroa Espainiako Azpiegitura Orokorren Planaren barruan sartua zegoelako. «Loturarik, geltokirik eta katenariarik gabeko trena da Sanzek eta Blancok gaur [atzo] adostu dutena».



Mendi ibilaldia egingo dute gaur, Zizurtik Barañainera

Iruñerrian abiadura handiko trena nondik igaroko den eta zer aldaketa eragingo dituen ikusteko, mendi ibilaldia antolatu du gaurko AHT Gelditu! Elkarlanak. 09:30ean irtengo dira, goizean, Zizur Nagusiko San Andres eliza ondotik. Arazuritik igaro eta Barañainen amaituko dute martxa, udaletxe aurreko plazan.





Linearen lanak, kostuak eta administrazio bakoitzaren zereginak

Eginbeharrak. Kostua, milioi eurotan


Trena igarotzeko plataforma egitea. 362,65


Desjabetzeak. 10,00


Proiektuak idaztea, gainbegiratzea eta plataforma . 15,00 egiteko lanen zuzendaritza


Gainegitura (proiektuak eta lanen zuzendaritza barne hartuta). 287,35


GUZTIRA. 675,00


387,65 milioi euro. Nafarroako Gobernuak aurreratuko ditu, eta bere gain hartuko ditu desjabetzeak, proiektuak idaztea eta lanen zuzendaritza, eta trenbidea egiteko plataformaren prestaketa lanak egitea. Espainiako Gobernua 2013an hasiko da diru kopuru hori itzultzen.

287,35 milioi euro. Adifekjarriko ditu, eta bere gain hartuko ditu trenbideko lanak, elektrizitatea sartzeko lanak eta behar diren eraikuntzak egitea.







Espainiak eta Nafarroak AHTaz adostu dutena

Lehen atalean. Zaragozaeta Iruñea arteko AHT linea «funtsezko helburua» dela diote sinatzaileek. Beste garraiobideen aldean trena aukera lehiakorra izateko asmoa ere agertu dute.

Bigarren atalean. Salgaiak garraiatzeko, trenbidea sustatzea ere helburu garrantzitsua da Nafarroako eta Espainiako gobernuentzat. Tren lasterrak gune logistikoekin lotura izan behar duela eta bidaiariak eta salgaiak garraiatu behar dituela adostu dute.

Bosgarren atalean. Zaragoza (Espainia) eta Iruñea arteko AHT linea «abiadura handiko Kantabria-Mediterraneoa korridorearen» parte dela eta Gipuzkoarekin lotura egin behar duela adierazi dute sinatzaileek. Nafarroako Gobernuak ardura hartu du Castejon-Iruñea lineari jarraipena eman eta Euskal Y-arekin lotura egiteko. Bigarren fasean egingo dute lan hori, eta beste hitzarmen bat sinatu beharko dute horretarako.





31

Donostia-Irun trenbidea berritzeko milioi euroak. Donostia eta Irun arteko (Gipuzkoa) trenbidea berritzeko, 31 milioi euro jarriko ditu Adifek. Errailak eta trebesak guztiz aldatuko dituela azaldu du Adifek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.