Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak aste honetako bilkuran beharrezko dekretu eta neurriak onartu ostean, abian dago Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua. Iñigo Urkullu lehendakaria izango da institutuaren presidentea, eta Aintzane Ezenarro, zuzendaria. 550.000 euroko aurrekontua izango du urtea amaitu bitartean.
Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernandezek azaldu duenez, Gogora hitzaren gainean eraikiko dute institutuaren irudi publikoa. Berba horixe izango da logotipoa, bai eta institutuaren izendapen laburra ere. Uztailaren 1ean hasiko da lanean, eta datozen hilabeteetan, Bilbon izango duen egoitza - Bilboko Artxibategi Historikoan kokatua- atontzea eta hornitzea izango dute eginkizun nagusi. Azaroaren 10ean inaugurazio ofiziala egiteko asmoa dute.
Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok nabarmendu du Eusko Legebiltzarraren aginduz sortu dutela institutua, eta horretarako legea onartu zenean adostasun zabala erdietsi zutela, “legegintzaldi honetan adostasun handiena lortu duen legeetako bat”, zehaztu du.
Institutuaren asmoa “bakean eta giza eskubideetan oinarritutako etorkizuna” eraikitzen laguntzea dela esan du Ezenarrok. Hori “memoriaren gaineko begirada partekatu eta kritiko” baten bidez egin nahi dute. Baina memoriak ere baditu mugak, Ezenarroren aburuz, eta bi nabarmendu ditu Gogora-ko zuzendari berriak: memoria ez erabiltzea inolako biktimarik baztertzeko, eta, aldi berean, “desberdinak” diren gertaerak berdinak izan balira bezala ez hartzea. “Ez baztertu inor, eta gertaera desberdinak ez berdindu”, laburbildu du Ezenarrok.
Oroimena
Abian da Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua
Uztailaren 1ean hasiko da lanean, Bilboko Artxibategi Historikoan izango du egoitza, eta azaroaren 10ean egingo dute inaugurazio ofiziala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu