Tantek, euri tantek, hondatu zuten iaz Herri Urrats jaia, Senperen (Lapurdi). Erruz egin zuen euria, eta euskaltzaleak atzerarazi zituen Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaira joatera. Ez zuten behar eta espero adina diru batu. Aurten, tantak hartu dituzte jairako lelo eta ikur; tantak, euskaltzaleenak. Laku bat munduan nahi dute osatu, festaren leloan iragarri dutenez. Maiatzaren 8an izango da. Prestaketa kanpaina bete-betean dutelarik, ekitaldiko abestia aurkeztu zuten atzo. Sustrai Colina bertsolariak egin ditu hitzak, eta Berri Txarrak taldeak atondu du doinuz. Jaiaren atarian, egoera ezkorra dela gogorarazi du Seaskako lehendakariak: «Ez dakigu eguraldia zer koloretakoa izanen den, baina Seaskarendako panorama aski grisa da».
Dirua biltzeaz gain, aldarria egin nahi dute Laku bat munduan lelopean: euskaldunen nortasuna, euskarara hurbiltzeko gonbidapena eta euskara aintzat hartzeko eskea. Horretarako, sei koloretako tantaz —Euskal Herriko herrialde bakoitzeko bat— osatu dute kartela. Tantek desberdintasunean osa dezaten euskararen lakua.
Hiru hilabete falta dira ikastolen aldeko jairako, baina kanpaina aspaldian hasi zuten Seaskako arduradunek, ahalik eta euskaltzale gehienen tanta batu nahian. Herri Urrats egunean bildutako dirua Kanboko Xalbador Kolegioa (Lapurdi) berritzeko baliatu asmo dute. «Frantziako legeak, ikastolen eraikuntza publikoak debekatzeaz gain, ikastolendako ibilmolderako laguntzak ez ditu arautzen», gogorarazi du Paxkal Indok, Seaskako lehendakariak. Gurasoek egin behar diete aurre berritze lanei. Herri Urratsekin lortu nahi dute gastuaren beste zati bat.
Irakasle falta ere kezka iturri dute Seaskan. Frantziako Estatuak ukatzen dizkien postuak pagatzeko dirua behar dute. «Irakasle postuak Parisen behar ditugu eskuratu, eta, beharra ikaragarria bada ere, irakasle postuak ez dizkigute segurtatzen», salatu du Indok. Horri aurre egiteko, diru iturriak ezinbesteko dituzte.
Abian da Herri Urratsen kanpaina, Seaskaren «panorama grisa» argitzeko
Maiatzaren 8ko jairako Berri Txarrak taldeak egin du kantua, 'Laku bat mundurako' leloa ardatz hartuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu